Bide zaharrak bide berri

Egunak neramatzan sarrera pila idazteko ideia asko buruan biraka nituela, eta gai bakarra ezin hautatuak edo denbora “ezak” ez dit gaur arte utzi. Besoetan Heztearen Nazioarteko Astea dela probestuz…

Gogoratzen dudanetik arreta eman didate haurra oihalekin soinean daramatenek, haurrak eta gurasoak gustora, eskuak aske eta harreman perfektuan sentitu izan ditut, txiki-txikitatik. Eta amatasuna eta heziketa ulertzeko modu bat dela iruditzen zait, bizitzeko modu bat. Ama izatea erabaki aurretik ere, oihalen inguruko informazioa, eramateko erak… bildu ditut urteetan zehar, eta pozik bizi izan dut gutxinaka geroz eta oihal eta sistema gehiago kalean ikustea. Haurdun egon aurretik ere, Mexikon erosi nuen horretarako oihal bat.

Haurdun geratu nintzenean erosi nuen Aner era desberdinetara garraiatu ahal izateko eta panpinekin praktikatu nuen sabelak uzten zidan bitartean. Zesareak ez zidan utzi hasieratik Aner nahi nuen bezala garraiatzen, ahultasunak eta sabeleko minak ezinezkoa egiten zuen horrela eramatea, baina zorionez, hasieran tarteka eta geroz eta maizago daramat nirekin. Esango dut, ez naizela honetan “extremista”, kotxesilla ere erabiltzen dugu, eta oso gustora egoten da luze-luze etzanda hor ere. Baina badira goxotasuna eta segurtasuna behar dituen uneak, eta besoetan eramateak, hori bakarrik egitera behartzen zaitu eta gainera ez da batere komodoa tarte luzeetarako.

Postura desberdinetan ibiltzen hasi gara dagoeneko, orain arte, etzanda joan da, sabelean zuen jarreratik gertuen dagoen posturan, ama edo aitaren berotasuna, taupadak eta babesarekin berehala hartzen du hor lo. Egun txarxeagoa duenean gainera, lokartzeko era bakarra izaten da. Orain, gutxiago joaten da etzanda, haur bixi-bixia dugu eta mundua ikusten joatea gustatzen zaio, beraz, beste postura batean ere darabilgu. Eserita joango balitz bezala baina pisua ondo banaturik eta genitalak kargatu gabe (ez naiz motxila supermoderno horien batere aldeko, haurra zutik, pisua genitaletan duela eramatea ez zait ona iruditzen). Eta oso gustora joaten gara biok.

Egongo da horrek geheigizko atentzioa ematea dakarrela, dependentzia handia sortuko diola… esango dutenak, eta esan gabe, pentsatzen dutenak ere bai, batez ere, adin batetik gorakoak, baina ez nago batere ados. Niri, barrenak eskatzen dit haurra gertu izatea, eta nirekin ez bada aitarekin edo gertu-gertuko norbaitekin egon dadila. Niri, senak eskatzen dit haurrak behar edo nahi duenean, nahi beste esne edan dezala bere erritmoan, eta bularrak ematen dion beste guztia ere jaso dezala. Niri, barrenak eskatzen dit haurrari ahal dudan maitasun, goxotasun eta babesik gehien ematea. Horrek, heldua denean mutil seguruagoa eta independienteagoa izatea ekarriko duela sinisten dut, bere behar oinarrizkoak aseak baditu harreman hobea izango dugula iruditzen zait. Eta biok hobeto baldin bagaude zergatik ez egin?

Berriro diot, ez daramat haurra 24 orduz soinean, lo sehaskan edo gurekin egiten du, egunaren arabera, bularra hartzen arabera, baina beti gertu. Kalean ere paseo luzetxo bat eman behar badugu luze-luze joaten da bere aulkitxoan lo. Baina esna dagoenean soinean hartu, zapian ondo kokatu eta mundua, gure babesetik ezagutzen du.

Ez dut epaitzen besteek zer egiten duten, nik, sentitzen dudan eran bizi dut amatasuna eta epaitua ez izatea gustatuko litzaidake. Oso gaizki begiratzen didan jendearekin gurutzatzen naiz egunero, eta gerturatu eta haurra zeinen ongi dagoen ikusten dutenek “ze inbidia” esaten duten gutxi batzuekin ere bai. Baina zoritxarrez epaitua. Gutxi gara, nahiz eta geroz eta gehiago izan, horrelako heziketan sinisten dugunok, eta gizarteak ohitu beharko du gutxinaka.

Bularra ematea ere, tabu izatetik, kalean geroz eta gehiago ikusiko den ekintza da. Eta zorionez, industriek gezur bidez txertatu zituzten biberoiek lekua galduko duten esperantza daukat. Behintzat, txiki-txikiekin. Lanak ez badu laguntzen ere, ahal den neurrian, bularra ematera animatu nahi dut mundu guztia, esperientzia zoragarria da haurrari bizitza ematen jarraitzea.

Eta hemen, “bide berritzat” hartzen diren arren, ez al da ba bide zaharrak berriro hartu eta alde naturalagoari berriro heltzea? Nola izango da bide berria bularra ematea? Nola izango da bide berria haurrak behar duenari erantzutea ordulariari begiratu gabe? Nola izango da bide berria gure lehengusu animaliek bezala haurrak soinean eramatea? Sarri modernitateak galtzen gaitu. Zorionez, senak, indar handiagoa du industriak baino.

Advertisements
Amatasuna, Maitasunaren sua, Naturaz atalean publikatua | Iruzkin 1

Haur lapurtuen gurasoak bertatik bertara

Ama izan nintzen duela hilabete eta piku, eta ospitaleko egonaldian alboko ohean nuen ama izan berriaren amak, entzun nahi ez genuen istorioa kontatu zigun barne-barneko minez.

Nik, haurra larrialdiko zesarea bidez izan nuen eta nola nengoen ikusita bat-batean hau bota zigun gazteleraz “zesareak ez du ba horrelako minik ematen” eta niri laguntzen ari zenak eta nik ez genion erantzun ere egin, egia esan, bere alabak erditze oso ona izan zuen eta primeran zegoen eta denbora guztian gela jendez beteta genuen, ni aldiz oso gaizki egon nintzen berarekin igaro nituen egunetan. Horrelaxe geratu zen hori eta ez genion garrantziarik eman baina beranduago, ginekologoa etorri eta bisita eta laguntzaileak kalera bidali zituztenean, niri laguntzen ari zenari kontatu zion ospital horretantxe, berak haur bat izan zuela zesareaz, eta haur hori lapurtu ziotela.

Normala zesarea hain gogorra  ez dela esatea, berak ez zuen min hori nabaritu ere egin, haurra lapurtzearen mina zinez askoz handiagoa izan behar baita. Eta normala, bere alaba eta biloba unetxo batez ere ez bakarrik uztea.

Hemendik besarkada bat infernu hori bizi izan zutenei eta oraindik beraien haurren eta egiaren bila daudenei. Ez dadila inoiz errepikatu. Eta errudunek sufri dezatela.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Errespetua, mesedez.

Aurreko posta maitasunaren inguruan idatzi nuen, eta esateko asko geratu zitzaidala sentitu nuen. Maitasuna (edo behintzat, baldintzak dituen maitasunean) errespetuan oinarritu behar dela iruditzen zait, edo nik behintzat errespetuan jartzen dut langa. Gal daitezke formak, gal daiteke burua… baina harreman batean maitasuna baldin badago oinarrian, errespetua ezin da galdu. Eta ez, ohartuko zineten ez naizela errespetu superfizialaz ari… benetako errespetuaz ari naiz, beste pertsona dena, eta den bezala gainera onartzea adierazten duen errespetuaz ez ondo hitz egin edo edukazioaz.

Albokoak diren bezalakoak dira, gauza on eta txarrak dituzte. Sorpresa! Zuk zeuk bezalaxe. Denok ditugulako gauza onak baina baita txarrak ere. Bietatik, uste ditugunak baina gehiago gainera. Eta pertsona bat maite dugunean gauza guzti hoiek dituelako maite dugu. Batzuk besteak baina gehiago gustatuko zaizkigu, batzuk besteak baina gehiago onartu eta konpartituko ditugu. Baina gauza guzti horiek dituztelako maiteko ditugu.

Eta hori. Diren hori, beti errespetatu behar da. Horri ezin zaio inoiz errespetua galdu. Eta galtzen bazaio… orduan, maitasuna gutxitzen da eta urruntzeko gogoa sartzen zaigu. Eta errespetu horrek esan nahi du, pertsona horren erabakiak gustatu ala ez, konpartitu edo ez, onartu eta errespetatu behar ditugula. Beraiek direna direlako harturiko erabakiak direlako. Eta kitto. Eta direna direlako maite ditugulako.

Ez du balio “baina nik nahi nuen…”, “baina opari bat da…”, “baina sorpresa bat da…” eta horrelako aitzakiak erabiltzeak benetan, pertsona horrek/horiek erabakitakoaren aurka joaten ari bagara. Ez badugu beraiek nahi dutena errespetatzen. Ez baditugu diren bezala errespetatuko.

Beraz maite banauzu, entzun esateko dudana, eta mesedez, errespetatu.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | Iruzkin 1

Baldintzarik gabeko maitasuna

Maitasuna beti ulertu dut azaldu ezin daiteken zerbait bezala. Oso maitasun desberdinak daudela denok dakigu eta jatorri desberdina izaten dutela ulertzen dugu, ez da gauza bera lagun batengatik sentitzen duguna edo maitemintzen garenean sortzen zaizkigun sentimendu uholdeak eragiten diguna. Ez dugu maitasun bera sentitzen etxekoekiko edo beste zerbait edo norbaitekiko.

Eta beti uste izan dut maitasuna erein eta zaindu egin behar dela, ez da zerbait espontaneoa, akaso “fletxazo” bidez maitemintzen garenean baliteke espontaneoa izatea, baina erreakzio kimikoen ondorio dela ere esaten dute ikerlariek, beraz ez digu balio hemen. Nire ustez, ezin dugu maite harremanik ez dugun pertsona bat (edozein harreman mota, zuzena, fisikoa edo internet edo telefono bidezkoa). Ez dut uste urtean behin ikusten duzun pertsona bat eta “zer moduz” protokolario bat eta beste esaldi tonto bat soilik partekatzen duzun pertsona horrekiko maitasuna sentitzen duzula esatea egokia dela. Izan diezaiozkezu kariñoa, edo errespetua edo familiakoa delako senti dezakezu nolabaiteko lotura, baina maitasuna gehiago dela esango nuke. Maitasuna landu egiten da, eta bestela galdu egiten da. Nire uste, aspaldiko lagun bat urtetan ikusi ez harremanik izan ez duzuna, dagoeneko ez duzu maite, izan diezaiokezu kariñoa edo nahi duzuna, edo faltan bota dezakezu… baina maite… ez dakit ba.

Eta nik hori uste nuen zela maitasuna. Nolabait egunerokotasunak sortzen duen lotura  berezi horri ematen zaion izen bat. Eta gehiago esatera ere ausartuko naiz, aho txikiz badazpada, maitasunak muga bat zuela uste nuen, pertsona bat maite dezakezu edo ez. Kitto. Gero etorriko dira kariño gehiago izatea, dependentzia gehiago izatea, behar handiagoa izatea edo gehiago eman nahi izatea. Baina maite duzu edo ez. Eta maite zenuen pertsona bat maitatzeari nola uzten zaion? Ba ziurrenik denboraren lana da hori, ezin da egun batetik bestera lortu, nahiz eta batzuek dioten maitasunetik gorrotora urrats bat besterik ez dagoela… ez nago ados, niretzat “gorrotoa” benetakoa bada, maitasunaren adierazle bat besterik ez da sentimendu hori, maite duzunak min emateak sortzen du gorrotoa, maitasunaren adierazpidea da niretzat, axola edo maite ez duzuna ezin baituzu gorrotatu, sentimendu fuertegia baita urruneko pertsona bati eskaintzeko.

Esan bezala edo maite duzu edo ez. Eta maitasun desberdinak mila. Harremanak adina ziurrenik. Baina heldu batek, beno ni ez naiz heldu sentitzen oraindik, gazte batek dituen maitasun harremanak (zentzurik zabalenean, ez zaitezte joan sexuaren bidetik gaur behintzat ez naiz horretaz ari eta), nire ustez, landutakoak dira denak. Nik ezin dut, bizitza guztian zehar urtean behin soilik ikusten ditudan familiakoak maite ditudanik, axola zaizkit noski, eta maite ditudanek maite dituztelako izango da agian, ez dut ezer txarrik gertatzerik nahi (nahiz eta hori ezinezkoa den), baina nik benetan maite ditudala sentitzen dudan pertsonekin harreman landua dut, gertukoagoa edo urrunagokoa baina landua. Eta landuak esan nahi du baldintzatua dela ere bai. Pertsona bati zerbait ematean, maitasuna kasu, zerbait jasotzea espero dut, errespetua adibidez, eta beste zenbait baldintza harremanaren arabera, eta baldintza horiek ez betetzeak normalean atsekabea ekartzen du eta harremana urruntzea… eta urruntze hori denboran asko luzatzen bada… ziurrenik pertsona hori maitatzeari utziko diot.

Ez nuen pentsatzen baldintzarik gabeko maitasuna bazenik, eta ez dut inoiz sentitu orain arte. Akaso bai, sentituko nuen jaio nintzenean nire amarekiko baina ezin dut oroitu eta maitasun baldintzarik gabea baino, agian dependentzia absolutu gisa ere uler daiteke.

Orain aldiz baldintzarik gabeko maitasuna dut barnean, maitasun purua, eta hori, inoiz bukatuko ez dela sentitzen dut. Baldintzarik minimoenak betetzen ez baditu ere, beti maiteko dudalaren ziurtasuna. Eta egon ziur, hori dela inoiz izan dudan sentimendurik puru eta garbiena. Eta noski…. sakonena era bai.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Aiton-amona esklabuak

Alemanian Aiton-amonen baimena edo deituko litzatekena sortzea proposatu dute, biloben zaintzaz arduratzen diren aiton-amonei nolabaiteko soldata bat ezartzeko. Eta ni aspalditik kezkatu eta haserretzen nauen gaia da aiton-amona esklabuena.

Zergatik? Laguntza horiek gurasoek jasoko balituzte aiton-amonek benetan tokatzen zaiena egiteko aukera izango lukete, bilobez gozatu. Bai, gozatu diot, ordutegi finkorik gabe, egunean ez dakit zenbat ordutan bilobaren menpe egon behar izanik gabe, goizean goiz seme-alaben etxera joan behar izanik gabe haurra eskolara, haurtzaindegira eraman beharrik gabe, edo beraiek goiz osoa haurrarekin igaro behar izanik gabe. Eta berdin eguerdi edo arratsaldetan. Gehiegi dira, haurren ordutegiaren menpe hara eta hona ikusi behar izaten diren aiton-amonak, beraiena izan behar ez litzateken ardura izugarria gainean hartuaz, eta azken batean, LANEAN.

Ez dut eztabaidatuko batzuek gustora egiten dutela… hala ere, ez zait bidezkoa iruditzen. Aiton-amonek nahi dutenean izan beharko lukete bilobekin egoteko aukera, baita nekaturik daudenean edo beste plan bat edo gogorik ez dutenean ezetz esateko eskubide osoa. Ezin ditugu aiton-amonak esklabu bihurtu.

Eta laguntzak, horretara bideratu beharko lirateke, gurasoek haurrekin eta lanarekin benetako kontziliazio erreal bat izatera, aiton-amona esklabuen beharrik gabe.

Are gehiago, aiton-amona esklabu horiei, sarri, ez diegu uzten beraiek hezten dituzten haurrei (onar dezagun, haurrarekin egunean 4-5 edo ordu gehiago igarotzen dituenak ez ditu zaintzen, hezi egiten ditu), beraiek nahi duten edo dakiten moduan egiten. Gure arauak ezartzen dizkiegu. Eta ez al da hori nagusi oso tirano eta krudela izatea? Nire haurra zainduko duzu, nik nahi dudan moduan egingo duzu dena eta nik nahi dudan ordutegian beti libre egongo zara eta gainera ez dizut ordainduko, alderantziz, zuk erosiko eta prestatuko diozu bazkaria…

Haurra zurea bada, antolatu zaitez zu bere heziketa egokiro eman dadin, eta laguntza behar baduzu, bilatu baldintza egokietan lagunduko dizun norbait, azken batean, gure lan eskubideez ari garenean berehala betetzen zaigu ahoa soldata, oporrak, lan baldintzak… aldarrikatzen… eta bitartean, esklabuak ditugu gure menpe?

Bai, eta salbuespenak beti egongo dira, eta ziur zure kasuan ez dagoela beste aukerarik aiton-amonak erabiltzea baino… benetan? Edo ez duzu nahi? Beharra benetakoa bada, eta egongo dira kasuak, ez dut ezer esango horren aurka… baina gehienetan diru “hori” beste zerbaitetan erabili nahi izaten dugula izaten da, eta “total” aiton-amonek ezer ordainetan jaso gabe egiten badute lan hori… zergatik hartu pertsona bat?

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Martxoaren 8ak beldurra sortzen dit.

Martxoaren 8aren inguruko ospakizun, ekitaldi eta mezuek izugarrizko zalantza eta ezinegona sortzen didate. Urtetik urtera handiagoa. Parekidetasunean sinistu eta bidea berdintasuna dela pentsatzen badugu, niretzat, ez du zentzurik emakumearengan soilik zentratzen den ekitaldiak… antolatzeak, eta are gutxiago diru publikoarekin.

Diru publikoz antolatzen diren ekintzek, ez lukete sexuaren arabera bereiztaileak izan behar, ez alde baterantz ez besterantz. Diru publikoaz, benetan parekidetasuna eta berdintasuna bultza nahi badira, hori egin behar da, ez desberdintasuna agerian utziko duten kanpaina eta mezuak bidali. Eta aitzakia oso erraza eta sinplea iruditzen zait… “nola urtetan gizonezkoak izan duen tokia, boterea edo nahi duzuena sartu hor, orain fokoa emakumeak izan behar du”. Ba ez. Ez nago batere ados. Horrelako politikak sustatuz, guda sexista horrekin jarraitzen dela niretzat argi dago.

Bihur dezagun emakumearen eguna, parekidetasunaren egun. Eta egin ditzagun benetan parekidetasun hori indartuko duten ekitaldiak. Puskatu ditzagun tabuak eta ez gaitezen erori erraza den hortan.

Agian ezetz esango duzue, baina niretzat erraza da orain martxoaren 8ko aitzakiarekin “emakumeentzat ikastaroa, emakumeeentzat bazkaria….” politiketan erortzea. Benetan ez zaizue absurdua eta guztiz alderantzizko eragina sortzen duena iruditzen? Ni emakumea naiz, eta horrelako kanpainak ikustean, benetan haserretu egiten naiz. Horrelako gauza “txikiek” benetan desberdintasunak azpimarratzen dituztelako. Zergatik ez antolatu parekidetasun ikastaroak, edo berdintasun bazkariak edo nahi dena?

“Beharrezkoa da oraindik horrelakoak egitea, ez gaudelako maila berean”. Hor konpon. Ez. Ez nago batere ados. Horrelako aitzakia eta txorakeriekin guk azpimarratzen ditugu desberdintasun horiek. Lan berdinagatik soldata desberdina kobratzen dela? Salatu ditzagun kasu zehatzak. Lana lortzeko zailtasun gehiago ditugula? Salatu ditzagun kasu zehatzak. Etxekolanak eta lana gure esku geratzen direla? Borroka dezagun gure etxean gauzak aldatzeagatik eta ez gaitezen hipokrita izan eta etxekolanak eta lana amaitzean “emakumearen bazkarira” joan meritu gehiago bagenu bezala.

Gizonezko gaiztoak eta txarrak badaude, baina nik behintzat argi daukat, berdintasun eta parekidetasunaren aldeko borroka horretan, emakumearen aurka min gehien ematen dutenak, emakume asko eta asko direla. Kalean, “gizonak ez du ezer egiten, nik dena egin behar dut etxean…” esanez ibili eta etxean gizonak sukaldea garbitu ondoren, beraiek iristean berriro garbitu behar dutenak berak nahi bezala egin ez delako. Gizonari haurrak zaintzen uzten ez diotenak “ez dakitelako”. Eta haurrei txikitatik, mutilak izateagatik kamioiak eta neskak izateagatik erratzak oparitzen dizkietelako.

Ez kontatu nirekin emakumearen eguna ospatzeko. Harro nago emakumea izateaz, eta horrek ematen dizkidan pribilegioez, baina harro nago, inguruan ditudan gizonezkoek ez didatelako etxekolanetan “laguntzen”. Egiten dituztelako baizik.

Zeren… zer dago absurdoagorik “senarrak etxekolanetan laguntzen dit” esatea baino? Etxea biona bada, etxekolanak ere bai. Eta ez, ez dizu “lagundu” behar. Egin egin behar ditu. Zuk zeuk egin behar dituzun bezalaxe.

Giz-artea atalean publikatua | 8 Iruzkin

Blogen misterioa…

Denbora dexente daramat blog desberdinak jarraitzen, irakurtzen eta baita blog honekin ere. Eta oraindik ez dut ulertu blogak nola dabiltzan. Niretzako misterio bat da. Badakit blogetara sartzeko bide asko daudela eta bakoitzaren araberakoa izaten da, batzuek postak emailean jasotzen dituzte, beste batzuek noizean behin blog desberdinak bisitatzen dituzte, beste batzuek bilaketen bidez amaitzen dute blogak bisitatzen, beste batzuek Twitter bidez… izaten dute sarbidea.

Nik, onartzen dut, azken aldian, alferkeriaren ondorioz edo, Twitterren ikusten ditudan blog sarrera interesgarriak (edo ondo “salduak”) besterik ez ditut irakurtzen. Eta une honetan nahikoa dut. Baina bada misterio bat halako ezinegona ekartzen didana. Orain gutxi arte (hilabete batzuk), nire blogak bisitek post berri bat idazten nuenean egiten zuten gora. Eta niretzat, logikaren barnean sartzen zen. Nik ere normalean, post berriak irakurtzen ditut eta.

Baina azken aldian fenomeno arraro bat gertatzen ari da… post gutxi, oso oso gutxi badakit, idazten ditut azken aldian, eta ohikoa baina bisita gehiago izaten ari naiz. Interneten misterioa.

Zu bazara ezkutuko bisitaria… mila esker. Eta bestela mila esker hau irakurtzearren.

Denetik, Giz-artea atalean publikatua | 4 Iruzkin