Segurtasuna

Denetik entzun behar izan dut, eta nire bikoteak ere bai, haurra soinean eramaten dugulako… Emakume batek, dirua ere eman zidan, aulkitxoa erosteko dirurik ez nuela pentsatu zuelako…

Ez naiz haurra soinean eramatearen onurak zerrendatzen hasiko gaur. Gaur, munduko herrialde desberdinetan Soinean Segurtasunez Eramatearen aldeko ekimenak egiten ari dira. Nik, Red Canguroren ekimenarekin bat egin dut eta hona hemen haurra soinean segurtasunez eramateko aholkutxo batzuk:

1- Haur eramaile egokia (haurra eta eramailearen berezitasunak).

2- Arnasa hartzeko oztoporik ez.

3- Haurra ondo helduta, gorputzetik gertu.

Eta beste asko… baina oinarrizkoak hauek.

#porteoseguro

Amatasuna atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Euskara saltzen digute

Aste batzuk daramatzat hau idatzi edo ez pentsatzen… merezi duen, edo ez… norbaitek irakurriko ote duen… baina tira, barruan bueltaka egoten jarrai ez dezan… hemen hausnarketatxo bat.

Azken aldian behin baina gehiagotan gertatu zait, hizkuntza:euskara edo hizkuntza: euskara eta gaztelania jartzen zuen ekitaldiren batetara joan, eta oso haserre ateratzea. Oro har, ekitaldi, ikastaro fisiko (online asko egiten baititut)… eta agerraldi askotara ez naiz joaten, haurrarekin logistika prestatzea ez da erraza izaten eta benetan interesgarri edo garrantzitsuak direnetara soilik joaten naiz eta ahal dela, haurrarekin. Erabakitzeko irizpideetako bat, hizkuntzarena da.

Euskaraz izango dela, edo elebitan izango dela jakiteak, lasaitu eta arrazoi gehiago ematen dizkit agenda horren arabera antolatzeko, baina logistika guztia antolatu eta euskaraz zen ekitaldi bat, gaztelera hutsezko bihurtzen denean eta gainera “por respeto” egiten denean, oso-oso-oso haserre ateratzen naiz handik. Antza, ekitaldiaren hizkuntza=euskara/elebitan dela zehazten denean, euskara ez dakienak, hori irakurri arren, uste du, ekitaldia berekiko errespetuagatik gazteleraz izango dela. Hara! Ze sorpresa! Berak nik baina errespetu gehiago merezi du antza…

Nazkatu naiz, benetan diotsuet. Nazkatu naiz, euskara saltzen digun jendeaz. Mesedez, hitzaldi, ikastaro, ekitaldi publiko edo festa bat antolatzen duzunean, hizkuntza zehazten baduzu, errespetatu ezazu, eta bestela, ez zehaztu hizkuntzarik eta unean bertan sudur puntan jartzen zaizuna erabili. Niri, mesede handia egingo didazu, eta “por respeto” ez saldu zerbait euskaraz dela, hala izango ez denean.

Mila esker.

Sin categoría atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Irribarreak landatuz

Abendua ez da izaten normalean urteko balantzea egiteko erabiltzen dudan hilabetea. Ikasturtearen arabera bizi izan naiz orain arte, eta ekaina izan ohi zen hausnarketarako tarte.

Aurten ordea, abenduan sentitu dut urteak emandakoa pentsatu eta kontatzeko beharra.

indizea

2013a ez zen urte polita izango zenaren itxaropenarekin hasi. Hilabete gogorrak eman ditut (eta izaten ari dira) zesareak utziriko ondorioekin bizitzen. Baina ez dut goibel edo min aurpegiz amaituko urtea.

Zoragarria izan da 2013a. Malkoak malko, malko baikotza landaturiko irribarreak hazten laguntzeko ura izan baitira. Malkoak asko, irribarre landatuak are gehiago. Eta udazkenean loratu dira gehienak gainera.

Proiektu berriei heldu, nire buruarengan sinistu eta formazio eta helburuak norabidez aldatuta ia irribarre etengabeko uzta jaso dut zuhaitzek hostoak galtzearekin batera.

Sabeletik Mundura sortu dugu, eta inguruan ere irribarreak landatu.

Zer hoberik neguari irribarre egitea baino?

 

Amatasuna, Denetik, Maitasunaren sua atalean publikatua | Iruzkin 1

Indarkeria obstetrikoa

imagesEmakumeen aurkako indarkeriaren egunean ezin gai honetaz idatzi gabe egon. Indarkeria obstetrikoa zoritxarrez errealitate oso zabaldua da, hedatua, onartua eta ezkutatua.

Indarkeria obstetrikoa da haurdunaldian, erditzean edo erditze ostean jasaten den tratu mota bati ematen zaion izena. Infantilizazioa, norberaren erabakiak ez entzun eta ez onartzea, gainjartzea, baimenik gabeko taktu baginalak, baimenik gabeko esku hartze medikuak, mehatxuak, anulazioa, humillazioa… eta baita tratu txar fisikoa ere. Heltzea, Kristtler maniobra, Hamilton maniobra…

Haurdun dagoen edo erditzera doan emakumeak beste emakume guztien eskubideak ditu. Bere eta haurraren osasunaren inguruko erabakiak hartzeko gaitasuna duen bakarra da (legeak hala aitortzen duelako) eta ez da ezjakin edo tuntuntzat hartu behar. Debekaturiko edo ez gomendaturiko maniobrak egiten dituzten emagin, ginekologoak… legea hausten ari dira.

Venezuelan indarkeria obstetrikoa emakumearen aurkako indarkeriatzat tipifikatua dago. Hemen noiz?

indizea

 

http://sabeletikmundura.com/blog/2013/11/25/indarkeria-obstetrikoa/#sthash.75PGC5ws.dpuf

#violenciaObstetrica
Amatasuna, Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Esateko asko.

Azken aldian bloge(t)an isil samar banabil ere, esateko asko dut. Ez dut aitzakiarik bilatuko. Ez dut aitzakiarik behar. Hori da sareak eta blogek ematen duten askatasunaren parte. Nahi duzunean hitz egiteko aukera, entzungo duenaren zain egon izan beharrik gabe. Esatekorik ez duzunean isilik egoteko askatasuna.

Eta espazio egokia topatzeko aukera.

Azken aldian esateko asko izan arren, blog hau ez zitzaidan esateko nuena zehazki jartzeko toki aproposa iruditzen. Haurdunaldiaz ere, hemen gutxi edo batere ez hitz egin ez nuen bezala. Horretarako espazio egokia bilatu eta sortu nuen https://sabeletikmundura.wordpress.com/ .

Azken aldian mihian dantzan dudana, munduari zabaldu nahi diodan mezua ez da hemen jartzeko gaia.

Edo bai. Baina ez hori bakarrik.

Horregatik, sareak eman didan aukera airean hartu eta Argia-k eskainitako txokoan topatu dut esateko ditudan zenbait gauza kontatzeko txokoa. Bertan atxikimenduzko haziera, edoskitzeaz eta halakoez hitz egingo dut.

Hemen, beti bezala, bururatzen zaidan edozertaz. Edo isiltasunaz beraz agian. Auskalo. Eta Sabeletik Munduran, oraingoz, isilunea utziko dugu. Nork daki noiz arte…

Esatekorik dagoen bitartean, sareak, eskainiko digu espazioa. Bilatu eta topatuko duzu. Eta bestela, sortu!

Amatasuna, Denetik atalean publikatua | Iruzkin 1

4 urteko haurdunaldia

Azken aldian www.kimutx.eu proiektuan nabil buru belarri. Lau urte dituen proiektua da, lau urtez, gutxinaka gutxinaka hazi dena. Eta azkenean 40 pertsona inguruk auzolanean elikatu eta hazi den proiektua.

Eta auzolana bihotzean dugunez, webgunean denen eskuragarri jarri duguna.

Zoazte Kimutx eta lagunak ezagutzera!

Sin categoría atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Bolo-bolo

Bolo-bolo dabil azken aldian zesarea hitza. Bolo-bolo prentsa arroxa guztiaren orrietan.

Eta gutxitan esaten da egia.

Haur bat izatea, gaur egun orokorrean erabakitzen den kontua da. Bikotean edo banaka edo auskalo nola, gaur egun zorionez familia ereduak aldatu dira eta, erabaki ohi den gaia da. Egoera bakoitzean momentu ideala aurkitzen saiatzen dira gehienak eta zoritxarrez, haurrengan baino helduei ondo datorkionean pentsatzen da gehiago.

Hortik datoz gurasoen adina askooooo igotzea eta bere ondorioak, haur gutxiago egotea eta beste zenbait arazo, zalantzarik gabe urte gutxiren buruan arazo larri izango direnak. Baina gaur ez nator horri buruz idaztera, edo bai, zeharka bai.

Erabakitze horren hariari tira nahi diot. Guk ere erabaki genuen haurra izateko unea. Baina gehien bat haurrarengan pentsatu genuela sinistu nahi dut. Nik, guraso gazteak izan ditut, eta nire seme-alabek ama-amona izatea ez nuen nahi. Ez zaizkit guraso zaharrak gustatzen. Haurrei askatasunik eman ez eta beraien adinaren ondorio haurrei gauza asko mugatzen dizkietenak gustatzen. Noski, orokorrean ari naiz. Egon badira guraso zahar “guaiak”.

“Ze gaztea” sarri entzun dut, eta bizitza bizi behar dela haurrak izan aurretik ere bai… Barkatu? Akaso haurrak izatean bizitzeari utzi diot? Ez. Nire bizitzari altxor bat erantsi diot. Gehiago esango dut, nik guraso zahar horiek izango ez duten zerbait izango dut. Nire semeak 20 urte dituenean, nik 45 besterik ez ditut izango (gaur egun batzuek haurra orduan izaten dute), eta gaztea izango naiz orduan berriro ere bizitza “askea” izateko.

Nik, dena ondo badoa, nire bilobez gozatu ahalko dut. Eta nire haurrez ere bai. Eta batez ere, gure haurrek, dena ondo badoa, ez gaituzte zaindu beharko oraindik beraien burua zaintzeko gai justu-justu direnean.

Eta erabakitzeaz ari ginen. Baina gauza batzuk ez lirateke erabaki behar. Ez hain errez behintzat. Haurrek ahal dela, baginatik jaio behar dute. Oso kasu gutxi dira, zesareak benetan beharreazkoak direnean. Eta halakoetan, egin bitez baldintzarik onenetan (aita amarekin dela, haurra jaiotzen ikusteko aukerarekin, haurra bularrean zuzenean jartzeko aukerarekin eta momentu magikoa babestuz).

Baina ez, sasi famatuek eta beste batzuek haurrak duen erabakitzeko eskubidea ez dute errespetatzen. Haurrak bere bizitzan garrantzitsuenetariko izango den unea erabakitzeko gaitasuna lapurtzeko gai dira guraso zenbait. Haurrak prest dagoenean jaio behar du. Ahalik eta era naturalenean eta erritmoak errespetatuz. Ez naiz haurrarentzako onurak zerrendatzen hasiko. Gauza bakarra esango dut: haurraren bizi guztia baldintzatzen du jaiotzak, bai fisikoki zein psikologikoki.

Eta zenbait, gai dira haurrei hori lapurtzeko. Bai. Shakiraz ari naiz. Duela aste batzuk esan zuen haurrak bere erritmora egokitu beharko lukeela. Eta bai, hala izan beharko du. Shakirak erabaki baitu bere haurra haurdunaldia amaitu baina hilabete lehenago jaioko zela eta gainera zesarea izan behar zuela. (Ez dakienarentzat, zesarea programatu bat da haurra gehien baldintzatuko duena).

Erabakitzeko eskubidea izatea garrantzitsua da, baina sendagileek ez al dute zin egiten pazientearen osasuna dela lehenengoa?

Mala praxis.

Amatasuna, Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | Iruzkin bat utzi