Bitxia da bizitza, bitxia da oroimena

Niretzat, beti izan da bitxia oroimenaren gaitasuna. Izugarria iruditzen zait, eta ez dugula ulertzen gainera.

Oroimenak nola funtzionatzen duen jakin ez arren, zergatik oroitzen ditugun gauza batzuk besteak baina hobeto, zergatik ahazten ditugun, zergatik pizten zaizkigun oroitzapenak usain, irudi, testu, une, sentsazio batekin…  bitxia da bere mekanismoa.

Bitxia eta guztiz magikoa. Oraina eta iragana nahastera eramaten gaitu barak nahi duen eran, informazioa errekuperatu eta galtzeko berezko sistema du, auskalo nolako apalategietan gordeta dauden gure bizitzako unerik goxoenak, okerrenak, alaienak, goibelenak, lizunenak… Auskalo nolako etiketatze sistema darabilen… baina argi dago… makina perfektu baten jabe garela eta askotan ez dugu baloratzen.

Googlek ezin izango du inoiz gure oroimena imitatu ere egin.

Giz-artea atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Idazteaz idazten

Idatzi nahiko nuke blog batean idazteari buruz. Baina ez dakit hori zer den, nola egiten den… ez baitakit zer den zuzena, zer den egin beharrekoa, zer ez. Datorkidana idazten dut. Ondo egin edo ez. Egokia izan edo ez. Datorkidana, datorkidanean, datorkidan eran.

Idatzi nahiko nuke ipuinak idazteari buruz. Nola egiten dudan azaldu nahiko nuke, nondik datozen pertsonaiak, nondik istorioak, nora doazen, zergatik, zertarako… baina hori ere ez dakit azaltzen. Datorzkidan eran igarotzen dira esaldietara.

Azaldu nahiko nizueke antzerki obrak idaztea zer den, nola egiten den, zein urrats ematen diren… baina hori ere, unearen arabera era batera edo bestera egiten dut. Bihotzetik ordenagailura, ordenagailutik paperera. Paperetik aktore txikietara. Aktoreengandik oholtzara.

Eta idatzi nahiko nuke idazteari buruz. Ezin ezer esan. Unearen arabera idazten dut leku edo genero batean. Unearen arabera biltzen ditut hitzak esaldietan. Unearen arabera datoz hitzak. Eta idatzi nahiko nuke ipuin liburu bat, nobela bat, liburu bat… baina hori ere, aukera dagoenean, unea denean, unea den eran etorriko da. Bitartean, han eta hemen idatziko dut, niretzat, zuretzat, zuentzat.

On egin.

 

Denetik atalean publikatua | Iruzkin 1

Ongi etorri Ekhi!

Ia-ia hilabete bete da izeba bihurtu nintzenetik eta hemen Ekhi.

Mundu honetan jaiotzea tokatu zaizu. Eta askotan ezetz pentsatuko badezu ere mundu zoragarria da.

Batzuetan zure lekua zein den ez dakizula irudiko zaizu, baina egon ziur asko daukazula hemen egiteko eta zoriontsu izaten saiatu behar dezula, izango zerala. Une txarrak egongo diren arren gauza guztiak konpontzen direla eta konponbiderik ez badute ez dezula zertan kezkatuta denbora galdu behar. Ziur egon zoriontsu izango zerala.

Bakarrik sentitzen zeranetan gogoratu beti izango dituzula maiteko zaituzten lagunak. Ziur egon zoriontsu izango zerala.

Eta ez ahaztu inoiz egunero irribarre egiteaz.

Sin categoría atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Haurren magiatik, gizartearen argira.

Sarri idatzi dut hemen haurrei buruz, haurrek ematen didaten guztiaz… Baina maila pertsonaletik gizarte osora zabaldu nahi nuke. Askotan, ume izateagatik merezi duten arreta jasotzen ez duten pottokitxoek erraz eta azkar konponduko lukete gizartea. Eta gizarte osoa ez bada ere, behintzat euren ingurua.

Haurrek barnean magia dute, eta argia ematen diote munduari. Edozein arazo “superkonplikaturen” aurrean, beraien erreakzioak guretzat pentsaezinak dira… eta sarri, ia gehienetan konponbide errazak aurkitzen dituzte arazoetarako. Eta unerik txarrenetan ere, irribarreari eusteko gai dira, bizitzea tokatu zaienarekin aurrera egiteko izugarrizko indarra dute, eta barruan duten magia berezi horrek argia ematen digu gizarte osoari.

Eta magia hori, askoz handiagoa da, antzerki irakaslearen paperean ezagutzen zaituztenean, lehen klaseak hotz samarrak izan arren, ikasturte bukaera iritsi eta muxu, besarkada eta malkotan agurtzen zaituztenean, euren parte zarela sentitzean, eszenatokian igo eta segurtasunez, alai, barrez, hanka sartuta ere aurrera egiteko gai direla ikustean, aktorerik profesionalena ere blokeatuko lukeen egoerei irribarrez aurre egin eta konpontzeko gai direnean, publikoaren txaloak “konsolaziozkoak” izan gabe, bene-benetakoak direla ikusten dutenean, agurtu ondoren, irribarrea ezin kendu etxera doazenean, guraso, aiton-amona, anai-arreba… familia osoak pozik etxeratzen direla ikustean, eta magia horrek guztiak, lanegun amaiezinetan ere irribartsu eramaten nau ohera. Magia hori da nire argia.

Azken asteetan beste magia bat probatzeko aukera izan dut gainera, aktorearen, gertuko pertsonaiarekiko sortzen den magia. Haurrek pertsonaiak protagonista eurak bihurtzen dituenean duten erreakzioa baina hoberik ez dago. Batzuek hasieran beldurrez begiratu arren, gurasoek ondo hartzen zaituztela ikusita, poliki-poliki nola hurbiltzen diren ikustea, ondoren muxu eta besarkada batekin agurtu arte. Behin eta berriro, sekretutxoak belarrira kontatzen dizkizutela ikustea, ezagutu gabe ere, beraien parte sentiarazten zaituztenean, beraien momentua izateak magia pizten die, eta magia horrek argia dakarkigu. Ezin azaldu jasotako guztia, ezinezkoa baita. Ume bakoitzarekin momentu magiko bat, sekretutxo bat, anekdota bat… irribarre handi bat. Gurasoen esker ona, umeen begirada… izugarria.

Ez dezagun inondik inora haurren magia hori itzali. Ilusio eta irribarre horiek baino gauza hoberik ez dago. Bai, irribarre horiek, magia hori guztia… euskaratik eta euskaraz sortzea besterik ez. Mila esker aukera magikoarengatik.

Giz-artea atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Harritik herria. (Irudimena lehiaketarako testua)

Euskal Kultur Erakundea eta Azkue Fundazioak antolatutako Irudimena lehiaketara bidalitako testua.

islatu

Harria dugu giltzarri. Harria dugu kirol. Harria dugu kultura. Harria, harrokak, izan genituen lehen
babesleku, harpeak etxe. Harria izan dugu pareta. Harria izan dugu oinen azpiko lur. Harria izan
dugu bizitza. Harritik sortu da herria. Herriak babestu du harria, moldatu du harria, egokitu du
harria.

Harriak babestu du herria. Harrien babesak mantendu du euskara. Harriak babestu du kultura.
Harria ere badugu kultura.

Hila omen dago harria. Baina bizirik dugu herria. Herriak moldatzen du harri moldaezina. Harri
hotza epeltzen dugu plazara ateratzen dugunero. Harri gogorra samurtzen dugu laztantzen dugun
bakoitzean. Harriari bizitza ematen diogu gure artera dakargunean.

Aldiro dakargu gure artera. Aldiro zapaltzen dugu. Aldiro ematen dizkiogu pilotakadak. Aldiro
altxatzen dugu gora. Aldiro moldatzen dugu gure nahietara. Aldiro marrazten dugu gure historia
berarengan. Aldiro gure ametsak islatu. Gure arbasoen mundua ekarri digu harriak eta gure
arrastoak jasoko ditu datozenentzat.

Eta berdin dirau euskarak. Heriotzera kondenaturik zirudien hizkuntzak. Bizirik dirau.

Moldatuko dugu, egokituko dugu garai berrietara, emango diogu gure kolorea.

Harriak iraun badu, herriak iraungo du. Eta herriak iraungo badu, euskarak iraungo du.

Euskara dugu herriaren oinarri. Eta euskarak iraungo badu, kulturak iraungo du.

Eta harriak, tokia izaten jarraituko du, plazan, paretan, lurrean, mendian, ur-azpian, etxean,
baserrian… eta nola ez… herrian.

Denetik atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

“Bilatu lan serio bat hobeto ez?”

Gaur hori entzun dut enegarren aldiz… eta beti bezala esan didanari, dudana baina zoriontsuago egingo nauenik ez dudala topatuko azaldu behar izan diot. Eta ez zait batere zaila egin bestea isilaraztea…

Hasteko, inoiz baina argiago dudalako nire BIDEA topatu dudalaz, edo hobe esanda, bideak topatu nauelaz.

Gainera, euskaraz bizitzeko bide ematen dit, eta niretzat hori oso garrantzitsua da.

Haurrekin egoteak bizitza ematen dit. Bizipoz eta energia izugarria ematen didate egunero. Irribarreak jasotzen ditut denbora (ia) guztian, bene-benetako besarkadak, hitz politak, esker on etengabea… eta beraien bizitzaren parte sentiarazten nauten marrazkiak, kontakizunak, begiradak… egunero-egunero. Beraiengatik eta beraientzat egindako obrak, ipuinak, ideiak, ariketak, jolasak… dena eskertzen dute, denak merezi du irribarre bat. Eta gaizki portatu eta atentzioa deituarazten duenak ere, klasea amaitu aurretik haserre guztiak ahazten ditu. Elkarrekin gauden orduan bihotzak agintzen diena egiten dute, eta izugarrizko opariak jasotzen ditut.

Idazten, josten, marrazten, karetak egiten… igarotako lo gutxiko gauen ondorengo neke guztiak berehala ahaztuarazten dizkidate beraien ilusio eta gogoek.

Eta ni izatera naramate. Aske naiz, inongo maskararik gabe, nire amets, beldur, ilusioak… aske dira beraiekin nagoen orduetan, ez dudalako epaitua izatearen beldurrik. Onartu egiten naute taldean, bat gehiago naiz, ardura eta zeregin handiak izan arren, ez dira batere pisutsuak egiten ordu hoiek.

Aurten, 12 haur talde, 135 ume ditut astero-astero, ordubetez nirekin. Eta askok eta askok, hori esatean harridura arpegiz begiratzen didate, ea erotu naizen ere entzun dut… Niretzat, zoragarria da lan hau. Umeek bizitza ematen didate. Barnean dutena ateratzen laguntzen diet, eta izugarri ikasten dut egunero-egunero.

Irribarrez esnatu eta bizitzea zer den gogorarazi eta erakutsi didate, irudimena piztu eta garatu didate, sormena izugarri piztu zait, pila bat idazten lagundu didate, begietara begiratzen lagundu didate, lotsa galtzen, arduratsu izaten, ez agobiatzen, … eta hori dena jasotzeaz gain, kobratu egiten dut hilabete amaieran.

Eta euskara da hizkuntza bakarra. Euskaraz bizi naiz. Euskaraz hezten ditugu haurrak.

Beraz, zergatik lan serio bat bilatu? Nire lanak bizitza ematen badit?

Giz-artea atalean publikatua | 5 Iruzkin

Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak Lasarte-Oriako Herriari

Orain arte, lehen Landaberri Antzerki Eskola moduan eta orain KUKUKA Antzerki eta Dantza Eskola gisa, plazara atera garenean egindako edota egitear zeuden gure lanen berri emateko izan da. Eskolak egindako lana izan da protagonista, ez Eskola bera, alegia. Oraingoan, ordea, eta ez gure gustuagatik, kontrakoa gertatzen da.

Urte dezente dira Antzerkia, Dantza eta Euskara bultzatzearen alde gure Eskola martxan jarri zenetik. Gure helburuak eta filosofia ez dira aldatu ordudanik: Antzerkia eta Dantzarekiko zaletasuna eta heziketa soziala lantzea ikasleen formazioa pertsonala bultzatuz (harremanak, emozioen azalpenak, espresibitatea, elkartasuna…); Euskara bultzatzea; eta Lasarte-Oriako beste elkarteekin harremana eta elkarlana lantzea. Hau guztia modu ireki, herrikoi eta gardenean, beti ere. Langintza honetan, eduki, ezta grapagailu bat ere ez dugu. Irakasleen lanaz aparte, muxutruk egiten da dena hemen. Ez aterperik ez biltzeko lekurik ere ez dugunez, nomada ibili behar izaten dugu batetik bestera. Zentzu honetan, batere azpiegiturarik gabekoak izanik, bertutetsuak ez agian, baina birtualak izatearen kontzientzi sendoa dugu.

Gauzak horrela, gure lana baldintza egokiagotan aurrera eraman ahal izateko, aspaldiko eskakizuna dugu Udalarekin Hitzarmen bat sinatzea, horrek emango bailiguke oinarri sendo bat gure lana modu eraginkorragoan garatzeko. Asmo horrekin, gure eskaerak jasotzen zituen Txosten bat aurkeztu genuen iaz eta bilera bana izan genuen bai alkatearekin eta bai Kultura Saileko zinegotziarekin. Labur-labur, bost ziren planteatu genizkien eskaerak: 1) lokal bat, 2) Kultur Etxearen erabilera bermatzea, 3) gure irakasleen prestakuntzarako laguntzak, 4) Antzerki eta Dantzaren herriko programazioan parte hartzea, eta 5) egun jasotzen dugun diru-laguntza handitzea.

Prentsaren bidez ikusi ahal izan dugunez, Hitzarmen ugari sinatu ditu Udalak azken hilabete hauetan herriko hainbat elkarteekin. Ez da gure kasua izan, ordea. Guk 2010ari dagokion diru-laguntzaren ebazpena besterik ez dugu jaso. Eta, 2009koarekin alderatuz, igoera bat izan dugula esan behar dugu. Ez oso handia, 14 eurokoa baino ez, baina igoera azkenean, krisi garai hauetan nabarmendu beharrekoa; are gehiago duela bi urte izan genuen 200 euroko jaitsieraren ondoren. Bai, horiexek dira kopuruak: 1.200 euro jaso genituen 2008an, 1.000 euro 2009an, eta 1.014 iaz. Aurten… ikusteke dago.

Diru kopuru hauei tankera hartzeko, Eskolaren inguruan, ez puntualki, astero-astero baizik, mugitzen diren ume, gazte eta helduen kopuruekin alderatu behar dira. Duela bi ikasturte, 37 talde eta 470 ikasle inguru matrikulatu ziren. Iaz, 46 talde eta 550 ikasle inguru, 13 irakasleren gidaritzapean. Ikasturte honetan, 61 talde, 728 ikasle (660 inguru Lasartekoak) eta 19 irakasle. Beraz, matrikulatutako ikasle bakoitzeko urte osorako jasotako diru-laguntzaren bilakaera ondokoa da: duela bi urte 2,12 euro, iaz 1,84. Kopuruak ez dira handiak, eta bilakaera kezkagarria.

Dena dela, eta inportantea izanik, ez pentsa dirua denik guretzat inportanteena. Udalaren aldetik ondo baloratuak ez izatearen sentipena dugu, eta hori da, beste ezeren gainetik, faltan botatzen duguna. Behar genukeen konplizidadea botatzen dugu faltan. Ezen, apal-apal eta harrokeriarik gabe esanda, eskolarteko eta amateur mailan Lasarten Antzerki eta Dantzaren arloan gertatzen ari den fenomenoa eredugarria dela adierazi behar dugu. Inbidia sanoaz begiratzen gaituzte. Ez da zaila ulertzen, beraz, proiektuak merezi duela uste sakona izatea. Eta onena dena, ez gaudela erreta sentitzea. Ideia pila dugu martxan jartzeko eta prestatuta ikusten dugu gure burua irudikatzen ditugun ekimen eta ekintza berri horiek praktikara eramateko. Baliabide eskasia da gure ahuldade handiena. Orain arte lortutakoa sendotu, sakondu eta biderkatzea da gure erronka. Langintza horretan Udala nahiko genuke bidelagun izaten. Herritik eta herriarentzat sortuak izanik, gaur eta hemen, herriari transmititu nahi genion gure gogoeta hau. Zuei, alegia.

Denetik atalean publikatua | 2 Iruzkin