Gaur betetzen da urtebete Irurara bizitzera etorri ginenetik. Ordu bete barru inguru zehatzak izateko. Bi furgoneta eta bi kotxe goraino kaxa eta gauzez beteta etorri ginen eta zazpi pertsonen artean izugarri erritmo azkarrean kotxeak hustu eta bi gela trastez eta kaxaz bete genituen. Trasteak utzi eta laguntzera etorri zirenek alde egin bezain laster gure tokia hau zela sentitu genuen.
Kasualitatez edo bukatu genuen Irura aukeratzen gure etorkizuna eraikitzeko leku gisa. Asteasun ikusitako etxe baten iragarkitik abiatuz, etxe hau erakutsi ziguten eta une hortantxe erabaki genuen. Etxe hau guretzako egina zen. Balkoiak, gela handiak, argitasuna egun osoan… eta horrelaxe, hilabeten egin genituen bankuekin negoziazioak, hipoteka, eskriturak eta trasladoa. Horrelaxe, gu horrelakoak baikara, zerbait buruan sartuz gero, egiten dutenak.
Ingurukoek ez zuten oso ondo hartu eta ulertu aldaketa. Ni donostiarra izanik herri hain txiki eta “probintziano” batera etortzea batetik, eta inor ezagutzen ez genuen tokira etortzea bestetik. Baina hau nahi genuen, hau behar genuen eta zalantzarik gabe asmatu dugu. Etxeak, herriaren lasaitasunak eta bizi-erritmoa aldatzeak mesede izugarria egin digu. Inoiz harturiko erabakirik onenetakoa izan da. Askoz bizitza hobea dugu orain Hernaniko alokairuko etxetxo horretan baino.
Irurak oso ondo hartu gaitu, irurarrek ere bai. Herri txikia da baina bizitza alde guztietatik ikusten zaiona. Herriko plazan bizi gara eta egun osoan ikusten ditugu adin desberdineko haurrak elkarrekin jolasean, lasai, bakarrik… Donostian edo Lasarten imaginatu ere egin ez daitezkeen gauzak. Ez dugu “herri bizitza” askorik egiten, baina herria bizi dugu.
Mila esker Irura.
