Aurreko posta maitasunaren inguruan idatzi nuen, eta esateko asko geratu zitzaidala sentitu nuen. Maitasuna (edo behintzat, baldintzak dituen maitasunean) errespetuan oinarritu behar dela iruditzen zait, edo nik behintzat errespetuan jartzen dut langa. Gal daitezke formak, gal daiteke burua… baina harreman batean maitasuna baldin badago oinarrian, errespetua ezin da galdu. Eta ez, ohartuko zineten ez naizela errespetu superfizialaz ari… benetako errespetuaz ari naiz, beste pertsona dena, eta den bezala gainera onartzea adierazten duen errespetuaz ez ondo hitz egin edo edukazioaz.
Albokoak diren bezalakoak dira, gauza on eta txarrak dituzte. Sorpresa! Zuk zeuk bezalaxe. Denok ditugulako gauza onak baina baita txarrak ere. Bietatik, uste ditugunak baina gehiago gainera. Eta pertsona bat maite dugunean gauza guzti hoiek dituelako maite dugu. Batzuk besteak baina gehiago gustatuko zaizkigu, batzuk besteak baina gehiago onartu eta konpartituko ditugu. Baina gauza guzti horiek dituztelako maiteko ditugu.
Eta hori. Diren hori, beti errespetatu behar da. Horri ezin zaio inoiz errespetua galdu. Eta galtzen bazaio… orduan, maitasuna gutxitzen da eta urruntzeko gogoa sartzen zaigu. Eta errespetu horrek esan nahi du, pertsona horren erabakiak gustatu ala ez, konpartitu edo ez, onartu eta errespetatu behar ditugula. Beraiek direna direlako harturiko erabakiak direlako. Eta kitto. Eta direna direlako maite ditugulako.
Ez du balio “baina nik nahi nuen…”, “baina opari bat da…”, “baina sorpresa bat da…” eta horrelako aitzakiak erabiltzeak benetan, pertsona horrek/horiek erabakitakoaren aurka joaten ari bagara. Ez badugu beraiek nahi dutena errespetatzen. Ez baditugu diren bezala errespetatuko.
Beraz maite banauzu, entzun esateko dudana, eta mesedez, errespetatu.
“Errespetua” hitza ez erabiltzearren eta beste modu batean esateko… Maitasuna ezin da oinarritu norberaren identitatearen aurka. Aspaldiko kanta batek zioen eran: “nire bihotza eman nizun, baina zuk nire arima nahi zenuen”.