Laguntasunak batzuetan etsipena dakar

Suposatzen dut inork ez duela pentsatuko laguntasunak dena ona soilik dakarrenik, laguntasuna benetakoa bada behintzat, eta “normala” bada, harreman guztiek bezala gauza onak eta txarrak dakartza.

Gertu-gertuko lagunak, normalean, edozertarako hor egongo direla pentsatzen duzunak, eta benetako konfidantza ematen dizutenak gutxi izaten dira. Horiez gain, noski, gauza edo egoera desberdinetarako lagunak izaten dira, baina bene-benetakoak, gutxi izaten dira. Horiengatik, eskatu dezaketen ia guztia egiteko prest egoten gara, eta beraiengandik ere horrelako jarrera espero dugu.

Ez naiz gauzak eskatzekoa, ez zait gustatzen lagunei niregatik gauzak egitea eskatzen, baina batzuetan derrigorrezkoa da. Eta horrelakoetan etortzen da etsipena eta pena. Batzuetan, ia ezer suposatzen ez duen gauzak ere egiteko prest ez daudelaz ohartzen baitzara… baina zer egingo diogu… etsipena ere bizitzaren parte da eta.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Urte berriari gauzak eskatzen?

Beti iruditu zait bitxia urte berriari gauzak eskatu edo asmo berriak ezartzeko ohitura hori. “Aurten kirola egingo dut, erretzeari utziko diot, pertsona hobea izango naiz…”. Bitxia.

Urte berriak aurrekoarekin izaten duen desberdintasun argiena, gauza guztiak garestitzen direla izaten da normalean. Egun batetik bestera dena da garestiagoa. Hori da lehen desberdintasuna. Pertsonak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Eta bizitzeko era ere normalean ez da egun batetik bestera aldatzen. Ondo dago data bat ezartzea asmo  berri horiek aurrera eramateko… baina zergatik izan behar du urtarrilaren 2ak? (urtarrilaren 1eko asmo ohikoena gehaigo ez edatea izaten da, baina tira, hurrengo ostiralerako ahaztu ohi da eta).

Urte berria ilusioz eta ametsez beterik hastea oso positiboa iruditzen zait, oso. Indarrez hasten laguntzen baitigu, eta agian jarrera behintzat ordu batzuez aldatzen laguntzen baitigu.

Nik ilusio handiarekin eta oso pozik hasi dut urtea, bizitza aldatuko didan urtea delaren ia %100eko ziurtasuna dudalako, irribarre gehiago egiten dut eta maitasun puru-purua daukat barne barnetik. Behintzat hortan, aldatu naiz. Orain muxu eta kontaktu fisikoak ez ditut ekiditen eta.

Urtarrilaren 2 on denoi.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Krisiaren gabonak

Diotenez krisiaren gabonak izango dira aurtengoak… opari gutxiagokoak… eta zer? Oparietan oinarritzen al dugu gabonak diren guztia? Hala bada… bai, benetan krisiaren gabonak izango dira.

Oparien eta kontsumismoari dagokienean nik behintzat ez dut krisia somatu, badakit familia asko oso gaizki daudela eta ziurrenik haiek nabarituko dute gabon hauek desberdinak izango direla… baina kalean ez da hori ikusten. Badira 2-3 aste hiriburuetako kaleak poltsak eskuan dituen jendez beteak daudela, zentru komertzial handietan sartu eta mundua bukatzera dijoalako jendea erosketak ero moduan egiten ari den sentsazioa dudala… eta hainbestekoa ez nuen inoiz somatu aurretik. Ez ditut zaku horretan sartu nahi gaizki pasatzen ari direnak… baina benetan orokorrean opariekin horrelako erokeria ez nuen aurretik ikusia.

Eta hala ere, krisia hitza entzuten dugu etengabe behin eta berriro. Zalantza asko sortzen dizkit. Egia esan BEZ igoko zelaren mehatxuak ere eraman omen du jendea aurrerago beharko dituen gauza handiak orain erostera… baina dirudienez ez omen da oraindik igoko.

Baina krisia etengabe entzuten da. Etengabe. Eta gabonekin lotzen den bakoitzean halako tripako min arraro batek harrapatzen nau. Gabonak kontsumismoa bakarrik badira… agian gabonekin amaitzea komeni da. Ez dut ukatuko izugarri gustatzen zaidala 24 gauean etxera iritsi eta opariak irekitzea. Txikitatik egin dugu horrela, familiarekin afaldu eta etxerakoan opariak irekitzea. Maite ditut sorpresak. Urduri jartzen naiz eta aurreko egunetan etxeko armairu eta txoko guztiak begiratzen ditut oparien bila, ezin dut ekidin. Baina gabonak ez dira hori bakarrik niretzat behintzat.

Gabonak dira batetik oporrak (egitekoz beteriko oporrak, baina oporrak), gabonak dira elurra eta hotza, gabonak dira familiarekin afari eta bazkariak, familiarekin mahai jokoak eta wii-an orduak, gabonak dira lagunekin lasai hitz egiteko tarteak, sofan manta azpian konpainia onean igarotzeko orduak… eta horiek guztiak ezin dira krisian egon. Horietaz goza dezakegu eta gozatu behar dugu.

Eta aurten gainera familiarekin eta goxo-goxo egoteko gogo gehiago dauzkat beraz opariak topatzen ditudan bitartean… ez zaitezte hoztu!

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Ordu aldaketa…. ez mila esker.

Urtero berdina gertatzen zait… izugarrizko amorrua eta ideia pila ordu aldaketaren aurka. Absurdoa iruditzen zait, are gehiago, gezurra esaten digutela aurreztearen kontuarekin. Hemen zergatik…

Behintzat zuzenean pertsonei, gezurra esaten digute, niretzat guk ez dugulako ezer aurrezten ordu aldaketa honekin. Hasteko, etxean ordu gehiago egotera “behartzen” gaitu. Arratsaldeko 6ak aldera iluntzen duenean, etxera joaten gara (eta are gehiago umeak dituztenak edo pertsona adinduak). Etxean ematen ditugun ordu extra horietan argia piztera eta irratia, telebista edo ordenagailuak piztea dakar ordu aldaketak, beraz, ordu gehiagoz kontsumitzen dugu argindarra. Baten batek pentsatuko du, baina goizean ez duzu pizten…. gezurra. Goizean gehienok altxatzen garen orduan, argia piztu behar dugu, hortaz etxeetan ez dugu aurrezten. Ez hori bakarrik, etxean gehiago egoteak, berogailua ordu gehiagoz piztera garamatza…

Joan gaitezen lanpostuetara. Bulegoetaz hitz egiten hasiko naiz. Bulego gehienetan, lan ordu guztietan argia pizturik izaten da, lanerako baldintza egokiak izateko kanpoko argia ez baita nahikoa. Hortaz, bulegoei berdin zaie orokorrean ordua aldatzea edo ez. Industrian… industria gune gehienak itxiak izaten dira, eta hortaz, argia berdin-berdin erabiliko dute den ordua izanik. Begira ditzagun dendak… dendak zabalik daudenean ia-ia guztietan argia pizturik izaten da… hortaz… dendetan ere ez du eragiten. Kalean lan egiten dutenei, akaso axolako zaie, ordubete lehenago lana bukatzea… baina beraientzat ere gaua izango da amaitzean… eta etxera joan beharko dute.

Eta ez nuke hasi nahi gaixo kronikoei eta bularra hartzen duten haurrei buruz hitz egiten… beraien gorputzak ez baitu ordu aldaketa ulertzen, eta akaso, eguna ondo antolaturik izatetik… kaosa izatera igarotzen dira.

Hortaz, niretzat argi dago, ordu aldaketarik gabe askoz hobe geundeke. Eta esan behar nuen. Ez ote dira arrazoi politikoak egongo gezur horien atzean?

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | 2 Erantzun

Bukatu da

Eta bagenekien, bihotzez espero genuen berri hau berehala jasoko genuela… baina hala ere… prest ez geundelaren sentsazioa geratu zait, sinisten ez genuelarena. Berria entzun/ikusi/irakurri bezain laster telefonoa hartu eta gertukoei deitu diet, mutil-lagunari lehendabizi lanekoen artean zabal zezan, aitari ondoren, amonari ondoren…

Eta denengan erreakzio bera, telefonoaren beste aldetik nabaritzen den irribarre eta hasperena. Bukatu da. Ez da gehiago esan behar izan. Bukatu da. Hori besterik ez. Eta horrek erakusten du zenbateraino espero genuen, zenbat behar genuen, zenbateko presa zuen. Eta bai, bukatu da. Hala ematen du behintzat.

Berdin zait atzetik zer egon den, zein etorri behar izan den kanpotik hau gerta zedin, berdin zait. Erabakia hartu dute, eta txalogarria da. Txalogarria erabaki hori hartzeko ausardia. Eta izugarrizko meritua du nire ustez. Bukatu da.

Eta bukaera baten ondoren hasiera bat etorri behar da. Eta hasiera horren zain egongo gara, baina bukatu dela jakinaz, lasaiago. Ardura hartu behar dutenek hartu beharko dute, bitartean, herritarrak, herria bera, inoiz baina indartsuagoa bihurtu da gaur. Eta guk heldu behar diogu hasiera berriari, nahi dugun etorkizuna eraikitzen hasi behar dugu. Bihar. Gaur ospatu behar dugu eta…

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | 3 Erantzun

Txikitako beldurrak… irrazionalak edo…

Askotan ikasleekin nagoenean gauza bati edo besteri beldurra diotela esaten didate… eta helduaren ikuspegitik normalean absurdoak diren beldurrak izaten dira… baina beraien beldurretaz pentsatzen ari nintzela nik izugarrizko panikoa nion gauza batetaz gogoratu naiz… eta sekretutxoa hemen kontatzea erabaki dut.

Txiki nintzela Altzan bizi nintzen. Eta Bidebietan (La Paz) nahiko arazo zeuden drogekin… Gu, ikastolara bidean handik pasatzen ginen eta etxean beti esaten ziguten kontuz ibiltzeko drogak oso txarrak zirela… eta nik oso sartua nuen drogen eta drogadiktoen beldurra. Kontua da, Herreran, “Droguería” jartzen zuen denda bat zegoela. Eta irakurtzen ikasi nuenean… hori ikusita, bat-batean izugarrizko beldurra hartu niola Herrerako alde horri (eta handik sarri pasatzen ginen oinez, beno ez, ni korrika joaten bainintzen). Ezin nuen ulertu nola hain txarra zen zerbaiten denda egon zitekeen hor.

Urteak eman nituen, bai urteak, Drogueria itxi zuten arte edo… handik pasatzen nintzen bakoitzean han inguruan zegoen jendeari begira, horren txarra zer izan ziteken pentsatzen. Gero jakin nuen drogeria batean ez zela droga saltzen…

Oraindik ere, denda hori zegoen tokitik pasatzean, begira gelditzen naiz… nola igaro nuen hainbeste denbora benetazko beldurrarekin handik pasatzean pentsatzen.

Eta… zer egingo diogu… beldurra azkenean ez jakintasuna izaten baita…

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Zertarako antzerkia?

Batek baina gehiagok galdetu dit ea antzerkia zertarako den, zer eman didan, zer dakarren… Eta antzerkia uste duzuena baina askoz gehiago da.

Antzerkia ez da oholtzara igotzea, ez da telebista aurrean agertzea, ez da jende aurrean ateratze soila. Askoz gehiago da, edo hori ere ez da. Antzerki tailer batean, talde batean, bizitzen ikasten da. Eguneroko bizitzarako tresnak jasotzen dira, segurtasuna irabazi, autoestimua landu, taldean lekua topatzen ikasten da, taldean bizitzen, jende aurrean hitz egiten, egoera zail edo gogorrei beste era batera aurre egiten, gorputz mugimendua kontrolatzen, nahi gabe ateratzen zaizkigun “mugimendu parasitarioak” kentzen, ahotsa erabiltzen…

Pertsona izaten.

Bizitzen.

Eta antzerki tailer batean parte hartzen duen orok ez du oholtzara atera beharrik, prozesua bizi eta oholtzara igotzea erabakitzen ez badu ez dago arazorik… bidea da garrantzitsuena, klasez klase jasotakoa betirako altxorra da. Eta konturatu gabe gauzei aurre beste era batean egiten hasten gara. Beste era batera bizitzen.

Niri antzerkiak askatasuna eman dit, kateak apurtu eta ni neu nolakoa naizen ikusi eta izatekoa, indarra eman dit, arazorik gogorrenei ere aurre egin eta irabaztekoa. Bizitza eman dit.

Benetan, hori dena probatu gabe antzerki mundua epaitzeko gai sentitzen zara?

Antzerkia, Giz-artea atalean publikatua | 2 Erantzun

Urtebete Iruran

Gaur betetzen da urtebete Irurara bizitzera etorri ginenetik. Ordu bete barru inguru zehatzak izateko. Bi furgoneta eta bi kotxe goraino kaxa eta gauzez beteta etorri ginen eta zazpi pertsonen artean izugarri erritmo azkarrean kotxeak hustu eta bi gela trastez eta kaxaz bete genituen. Trasteak utzi eta laguntzera etorri zirenek alde egin bezain laster gure tokia hau zela sentitu genuen.

Kasualitatez edo bukatu genuen Irura aukeratzen gure etorkizuna eraikitzeko leku gisa. Asteasun ikusitako etxe baten iragarkitik abiatuz, etxe hau erakutsi ziguten eta une hortantxe erabaki genuen. Etxe hau guretzako egina zen. Balkoiak, gela handiak, argitasuna egun osoan… eta horrelaxe, hilabeten egin genituen bankuekin negoziazioak, hipoteka, eskriturak eta trasladoa. Horrelaxe, gu horrelakoak baikara, zerbait buruan sartuz gero, egiten dutenak.

Ingurukoek ez zuten oso ondo hartu eta ulertu aldaketa. Ni donostiarra izanik herri hain txiki eta “probintziano” batera etortzea batetik, eta inor ezagutzen ez genuen tokira etortzea bestetik. Baina hau nahi genuen, hau behar genuen eta zalantzarik gabe asmatu dugu. Etxeak, herriaren lasaitasunak eta bizi-erritmoa aldatzeak mesede izugarria egin digu. Inoiz harturiko erabakirik onenetakoa izan da. Askoz bizitza hobea dugu orain Hernaniko alokairuko etxetxo horretan baino.

Irurak oso ondo hartu gaitu, irurarrek ere bai. Herri txikia da baina bizitza alde guztietatik ikusten zaiona. Herriko plazan bizi gara eta egun osoan ikusten ditugu adin desberdineko haurrak elkarrekin jolasean, lasai, bakarrik… Donostian edo Lasarten imaginatu ere egin ez daitezkeen gauzak. Ez dugu “herri bizitza” askorik egiten, baina herria bizi dugu.

Mila esker Irura.

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Sentitu… pentsatu… ekin.

Katxiporretako kuadrilak jarri du modan esaldia… baina ez da moda kontua, egia “berdaderoa” baizik. Halaxe gertatzen dira (edo gertatu beharko lirateke) gauzarik garrantzitsu eta politenak, itxusi eta txarrenak… denak. Halaxe izan daitezen saiatzen naiz behintzat. Bihotzetik kanporako bidean buruaren iragazkia erabiltzen.

Eta asko sentitutako gauzak, barru-barrutik datozenak, ondo pentsatu ondoren, eztabaidatu ondoren, hausnartu, mastikatu eta erabaki ondoren, ekiten diegun bideetan auskalo zer topatuko dugun. Ezin jakin sentitutakoa, pentsatutakoa… ekindakoan lortuko ote dugun. Oraingoan, halaxe dirudi, uste baina errazago, espero baina lehen etorriko direla sentitutakoak… ezin baita inoiz jakin, datorrena datorrela sentituko dugu, pentsatuko dugu eta ekingo diogu ekin beharrekoari.

Polita da ezjakintasuna, polita zer datorren ez jakitea, polita “galduta” sentitzea, polita sentitu, pentsatu eta ekitea.

Giz-artea, Maitasunaren sua, Osasunaren bidean atalean publikatua | 2 Erantzun

Bitxia da bizitza, bitxia da oroimena

Niretzat, beti izan da bitxia oroimenaren gaitasuna. Izugarria iruditzen zait, eta ez dugula ulertzen gainera.

Oroimenak nola funtzionatzen duen jakin ez arren, zergatik oroitzen ditugun gauza batzuk besteak baina hobeto, zergatik ahazten ditugun, zergatik pizten zaizkigun oroitzapenak usain, irudi, testu, une, sentsazio batekin…  bitxia da bere mekanismoa.

Bitxia eta guztiz magikoa. Oraina eta iragana nahastera eramaten gaitu barak nahi duen eran, informazioa errekuperatu eta galtzeko berezko sistema du, auskalo nolako apalategietan gordeta dauden gure bizitzako unerik goxoenak, okerrenak, alaienak, goibelenak, lizunenak… Auskalo nolako etiketatze sistema darabilen… baina argi dago… makina perfektu baten jabe garela eta askotan ez dugu baloratzen.

Googlek ezin izango du inoiz gure oroimena imitatu ere egin.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Idazteaz idazten

Idatzi nahiko nuke blog batean idazteari buruz. Baina ez dakit hori zer den, nola egiten den… ez baitakit zer den zuzena, zer den egin beharrekoa, zer ez. Datorkidana idazten dut. Ondo egin edo ez. Egokia izan edo ez. Datorkidana, datorkidanean, datorkidan eran.

Idatzi nahiko nuke ipuinak idazteari buruz. Nola egiten dudan azaldu nahiko nuke, nondik datozen pertsonaiak, nondik istorioak, nora doazen, zergatik, zertarako… baina hori ere ez dakit azaltzen. Datorzkidan eran igarotzen dira esaldietara.

Azaldu nahiko nizueke antzerki obrak idaztea zer den, nola egiten den, zein urrats ematen diren… baina hori ere, unearen arabera era batera edo bestera egiten dut. Bihotzetik ordenagailura, ordenagailutik paperera. Paperetik aktore txikietara. Aktoreengandik oholtzara.

Eta idatzi nahiko nuke idazteari buruz. Ezin ezer esan. Unearen arabera idazten dut leku edo genero batean. Unearen arabera biltzen ditut hitzak esaldietan. Unearen arabera datoz hitzak. Eta idatzi nahiko nuke ipuin liburu bat, nobela bat, liburu bat… baina hori ere, aukera dagoenean, unea denean, unea den eran etorriko da. Bitartean, han eta hemen idatziko dut, niretzat, zuretzat, zuentzat.

On egin.

 

Denetik atalean publikatua | Erantzun 1

Ongi etorri Ekhi!

Ia-ia hilabete bete da izeba bihurtu nintzenetik eta hemen Ekhi.

Mundu honetan jaiotzea tokatu zaizu. Eta askotan ezetz pentsatuko badezu ere mundu zoragarria da.

Batzuetan zure lekua zein den ez dakizula irudiko zaizu, baina egon ziur asko daukazula hemen egiteko eta zoriontsu izaten saiatu behar dezula, izango zerala. Une txarrak egongo diren arren gauza guztiak konpontzen direla eta konponbiderik ez badute ez dezula zertan kezkatuta denbora galdu behar. Ziur egon zoriontsu izango zerala.

Bakarrik sentitzen zeranetan gogoratu beti izango dituzula maiteko zaituzten lagunak. Ziur egon zoriontsu izango zerala.

Eta ez ahaztu inoiz egunero irribarre egiteaz.

Sin categoría atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Haurren magiatik, gizartearen argira.

Sarri idatzi dut hemen haurrei buruz, haurrek ematen didaten guztiaz… Baina maila pertsonaletik gizarte osora zabaldu nahi nuke. Askotan, ume izateagatik merezi duten arreta jasotzen ez duten pottokitxoek erraz eta azkar konponduko lukete gizartea. Eta gizarte osoa ez bada ere, behintzat euren ingurua.

Haurrek barnean magia dute, eta argia ematen diote munduari. Edozein arazo “superkonplikaturen” aurrean, beraien erreakzioak guretzat pentsaezinak dira… eta sarri, ia gehienetan konponbide errazak aurkitzen dituzte arazoetarako. Eta unerik txarrenetan ere, irribarreari eusteko gai dira, bizitzea tokatu zaienarekin aurrera egiteko izugarrizko indarra dute, eta barruan duten magia berezi horrek argia ematen digu gizarte osoari.

Eta magia hori, askoz handiagoa da, antzerki irakaslearen paperean ezagutzen zaituztenean, lehen klaseak hotz samarrak izan arren, ikasturte bukaera iritsi eta muxu, besarkada eta malkotan agurtzen zaituztenean, euren parte zarela sentitzean, eszenatokian igo eta segurtasunez, alai, barrez, hanka sartuta ere aurrera egiteko gai direla ikustean, aktorerik profesionalena ere blokeatuko lukeen egoerei irribarrez aurre egin eta konpontzeko gai direnean, publikoaren txaloak “konsolaziozkoak” izan gabe, bene-benetakoak direla ikusten dutenean, agurtu ondoren, irribarrea ezin kendu etxera doazenean, guraso, aiton-amona, anai-arreba… familia osoak pozik etxeratzen direla ikustean, eta magia horrek guztiak, lanegun amaiezinetan ere irribartsu eramaten nau ohera. Magia hori da nire argia.

Azken asteetan beste magia bat probatzeko aukera izan dut gainera, aktorearen, gertuko pertsonaiarekiko sortzen den magia. Haurrek pertsonaiak protagonista eurak bihurtzen dituenean duten erreakzioa baina hoberik ez dago. Batzuek hasieran beldurrez begiratu arren, gurasoek ondo hartzen zaituztela ikusita, poliki-poliki nola hurbiltzen diren ikustea, ondoren muxu eta besarkada batekin agurtu arte. Behin eta berriro, sekretutxoak belarrira kontatzen dizkizutela ikustea, ezagutu gabe ere, beraien parte sentiarazten zaituztenean, beraien momentua izateak magia pizten die, eta magia horrek argia dakarkigu. Ezin azaldu jasotako guztia, ezinezkoa baita. Ume bakoitzarekin momentu magiko bat, sekretutxo bat, anekdota bat… irribarre handi bat. Gurasoen esker ona, umeen begirada… izugarria.

Ez dezagun inondik inora haurren magia hori itzali. Ilusio eta irribarre horiek baino gauza hoberik ez dago. Bai, irribarre horiek, magia hori guztia… euskaratik eta euskaraz sortzea besterik ez. Mila esker aukera magikoarengatik.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Harritik herria. (Irudimena lehiaketarako testua)

Euskal Kultur Erakundea eta Azkue Fundazioak antolatutako Irudimena lehiaketara bidalitako testua.

islatu

Harria dugu giltzarri. Harria dugu kirol. Harria dugu kultura. Harria, harrokak, izan genituen lehen
babesleku, harpeak etxe. Harria izan dugu pareta. Harria izan dugu oinen azpiko lur. Harria izan
dugu bizitza. Harritik sortu da herria. Herriak babestu du harria, moldatu du harria, egokitu du
harria.

Harriak babestu du herria. Harrien babesak mantendu du euskara. Harriak babestu du kultura.
Harria ere badugu kultura.

Hila omen dago harria. Baina bizirik dugu herria. Herriak moldatzen du harri moldaezina. Harri
hotza epeltzen dugu plazara ateratzen dugunero. Harri gogorra samurtzen dugu laztantzen dugun
bakoitzean. Harriari bizitza ematen diogu gure artera dakargunean.

Aldiro dakargu gure artera. Aldiro zapaltzen dugu. Aldiro ematen dizkiogu pilotakadak. Aldiro
altxatzen dugu gora. Aldiro moldatzen dugu gure nahietara. Aldiro marrazten dugu gure historia
berarengan. Aldiro gure ametsak islatu. Gure arbasoen mundua ekarri digu harriak eta gure
arrastoak jasoko ditu datozenentzat.

Eta berdin dirau euskarak. Heriotzera kondenaturik zirudien hizkuntzak. Bizirik dirau.

Moldatuko dugu, egokituko dugu garai berrietara, emango diogu gure kolorea.

Harriak iraun badu, herriak iraungo du. Eta herriak iraungo badu, euskarak iraungo du.

Euskara dugu herriaren oinarri. Eta euskarak iraungo badu, kulturak iraungo du.

Eta harriak, tokia izaten jarraituko du, plazan, paretan, lurrean, mendian, ur-azpian, etxean,
baserrian… eta nola ez… herrian.

Denetik atalean publikatua | Utzi erantzun bat

“Bilatu lan serio bat hobeto ez?”

Gaur hori entzun dut enegarren aldiz… eta beti bezala esan didanari, dudana baina zoriontsuago egingo nauenik ez dudala topatuko azaldu behar izan diot. Eta ez zait batere zaila egin bestea isilaraztea…

Hasteko, inoiz baina argiago dudalako nire BIDEA topatu dudalaz, edo hobe esanda, bideak topatu nauelaz.

Gainera, euskaraz bizitzeko bide ematen dit, eta niretzat hori oso garrantzitsua da.

Haurrekin egoteak bizitza ematen dit. Bizipoz eta energia izugarria ematen didate egunero. Irribarreak jasotzen ditut denbora (ia) guztian, bene-benetako besarkadak, hitz politak, esker on etengabea… eta beraien bizitzaren parte sentiarazten nauten marrazkiak, kontakizunak, begiradak… egunero-egunero. Beraiengatik eta beraientzat egindako obrak, ipuinak, ideiak, ariketak, jolasak… dena eskertzen dute, denak merezi du irribarre bat. Eta gaizki portatu eta atentzioa deituarazten duenak ere, klasea amaitu aurretik haserre guztiak ahazten ditu. Elkarrekin gauden orduan bihotzak agintzen diena egiten dute, eta izugarrizko opariak jasotzen ditut.

Idazten, josten, marrazten, karetak egiten… igarotako lo gutxiko gauen ondorengo neke guztiak berehala ahaztuarazten dizkidate beraien ilusio eta gogoek.

Eta ni izatera naramate. Aske naiz, inongo maskararik gabe, nire amets, beldur, ilusioak… aske dira beraiekin nagoen orduetan, ez dudalako epaitua izatearen beldurrik. Onartu egiten naute taldean, bat gehiago naiz, ardura eta zeregin handiak izan arren, ez dira batere pisutsuak egiten ordu hoiek.

Aurten, 12 haur talde, 135 ume ditut astero-astero, ordubetez nirekin. Eta askok eta askok, hori esatean harridura arpegiz begiratzen didate, ea erotu naizen ere entzun dut… Niretzat, zoragarria da lan hau. Umeek bizitza ematen didate. Barnean dutena ateratzen laguntzen diet, eta izugarri ikasten dut egunero-egunero.

Irribarrez esnatu eta bizitzea zer den gogorarazi eta erakutsi didate, irudimena piztu eta garatu didate, sormena izugarri piztu zait, pila bat idazten lagundu didate, begietara begiratzen lagundu didate, lotsa galtzen, arduratsu izaten, ez agobiatzen, … eta hori dena jasotzeaz gain, kobratu egiten dut hilabete amaieran.

Eta euskara da hizkuntza bakarra. Euskaraz bizi naiz. Euskaraz hezten ditugu haurrak.

Beraz, zergatik lan serio bat bilatu? Nire lanak bizitza ematen badit?

Giz-artea atalean publikatua | 5 Erantzun

Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak Lasarte-Oriako Herriari

Orain arte, lehen Landaberri Antzerki Eskola moduan eta orain KUKUKA Antzerki eta Dantza Eskola gisa, plazara atera garenean egindako edota egitear zeuden gure lanen berri emateko izan da. Eskolak egindako lana izan da protagonista, ez Eskola bera, alegia. Oraingoan, ordea, eta ez gure gustuagatik, kontrakoa gertatzen da.

Urte dezente dira Antzerkia, Dantza eta Euskara bultzatzearen alde gure Eskola martxan jarri zenetik. Gure helburuak eta filosofia ez dira aldatu ordudanik: Antzerkia eta Dantzarekiko zaletasuna eta heziketa soziala lantzea ikasleen formazioa pertsonala bultzatuz (harremanak, emozioen azalpenak, espresibitatea, elkartasuna…); Euskara bultzatzea; eta Lasarte-Oriako beste elkarteekin harremana eta elkarlana lantzea. Hau guztia modu ireki, herrikoi eta gardenean, beti ere. Langintza honetan, eduki, ezta grapagailu bat ere ez dugu. Irakasleen lanaz aparte, muxutruk egiten da dena hemen. Ez aterperik ez biltzeko lekurik ere ez dugunez, nomada ibili behar izaten dugu batetik bestera. Zentzu honetan, batere azpiegiturarik gabekoak izanik, bertutetsuak ez agian, baina birtualak izatearen kontzientzi sendoa dugu.

Gauzak horrela, gure lana baldintza egokiagotan aurrera eraman ahal izateko, aspaldiko eskakizuna dugu Udalarekin Hitzarmen bat sinatzea, horrek emango bailiguke oinarri sendo bat gure lana modu eraginkorragoan garatzeko. Asmo horrekin, gure eskaerak jasotzen zituen Txosten bat aurkeztu genuen iaz eta bilera bana izan genuen bai alkatearekin eta bai Kultura Saileko zinegotziarekin. Labur-labur, bost ziren planteatu genizkien eskaerak: 1) lokal bat, 2) Kultur Etxearen erabilera bermatzea, 3) gure irakasleen prestakuntzarako laguntzak, 4) Antzerki eta Dantzaren herriko programazioan parte hartzea, eta 5) egun jasotzen dugun diru-laguntza handitzea.

Prentsaren bidez ikusi ahal izan dugunez, Hitzarmen ugari sinatu ditu Udalak azken hilabete hauetan herriko hainbat elkarteekin. Ez da gure kasua izan, ordea. Guk 2010ari dagokion diru-laguntzaren ebazpena besterik ez dugu jaso. Eta, 2009koarekin alderatuz, igoera bat izan dugula esan behar dugu. Ez oso handia, 14 eurokoa baino ez, baina igoera azkenean, krisi garai hauetan nabarmendu beharrekoa; are gehiago duela bi urte izan genuen 200 euroko jaitsieraren ondoren. Bai, horiexek dira kopuruak: 1.200 euro jaso genituen 2008an, 1.000 euro 2009an, eta 1.014 iaz. Aurten… ikusteke dago.

Diru kopuru hauei tankera hartzeko, Eskolaren inguruan, ez puntualki, astero-astero baizik, mugitzen diren ume, gazte eta helduen kopuruekin alderatu behar dira. Duela bi ikasturte, 37 talde eta 470 ikasle inguru matrikulatu ziren. Iaz, 46 talde eta 550 ikasle inguru, 13 irakasleren gidaritzapean. Ikasturte honetan, 61 talde, 728 ikasle (660 inguru Lasartekoak) eta 19 irakasle. Beraz, matrikulatutako ikasle bakoitzeko urte osorako jasotako diru-laguntzaren bilakaera ondokoa da: duela bi urte 2,12 euro, iaz 1,84. Kopuruak ez dira handiak, eta bilakaera kezkagarria.

Dena dela, eta inportantea izanik, ez pentsa dirua denik guretzat inportanteena. Udalaren aldetik ondo baloratuak ez izatearen sentipena dugu, eta hori da, beste ezeren gainetik, faltan botatzen duguna. Behar genukeen konplizidadea botatzen dugu faltan. Ezen, apal-apal eta harrokeriarik gabe esanda, eskolarteko eta amateur mailan Lasarten Antzerki eta Dantzaren arloan gertatzen ari den fenomenoa eredugarria dela adierazi behar dugu. Inbidia sanoaz begiratzen gaituzte. Ez da zaila ulertzen, beraz, proiektuak merezi duela uste sakona izatea. Eta onena dena, ez gaudela erreta sentitzea. Ideia pila dugu martxan jartzeko eta prestatuta ikusten dugu gure burua irudikatzen ditugun ekimen eta ekintza berri horiek praktikara eramateko. Baliabide eskasia da gure ahuldade handiena. Orain arte lortutakoa sendotu, sakondu eta biderkatzea da gure erronka. Langintza horretan Udala nahiko genuke bidelagun izaten. Herritik eta herriarentzat sortuak izanik, gaur eta hemen, herriari transmititu nahi genion gure gogoeta hau. Zuei, alegia.

Denetik atalean publikatua | 2 Erantzun

Martxoaren 8az bi hitz.

Ez nuke jakingo azaltzen zein den martxoaren 8aren inguruko ospakizun batzuek sortzen didaten sentipena. Amorrutik eta etsipenetik oso gertu dago… baina zerbait berezia da.

Hasteko, ez zait gustatzen martxoaren 8aren sinbolismoa bera. Berdintasunerantz joan nahi badugu ez genukelako bereiziko gaituen ospakizun batean horrenbeste energia (eta diru) xahutu beharko. Berdintasuna badugu helburutzat, ez du zentzurik emakume langilearen, emakumearen, gizon langilearen edo gizonaren eguna ospatzeak. Ez behintzat leku gehiegitan ematen zaion enfokearekin.

Berdintasuna bultzatu nahi badugu, ez du zentzurik ospakizun exkluienteak egiteak, ez du zentzurik emakumeari soilik begira dauden ekintzak bultzatzerik… Berdintasunean sinistu nahi badugu egin dezagun berdintasunaren alde. Berdintasunak ez du emakumea gainean kokatzerik merezi, gizonezkoa gainean kokatzea merezi ez duen bezala.

Martxoaren 8a, martxoaren 7a eta martxoaren 9aren artean dagoen eguna izango da niretzat, aurtengoan, ihauterietako asteartea gainera. Baina, ez zait iruditzen emakume langile bezala ezer ospatzekorik dudanik. Ez naiz alboan ditudan gizonezkoak baina gehiago, eta beraiek egunik ez badute, nik ere ez dut merezi. Berdintasuna sexu bat hobesten eskatzea oso zentzugabea iruditzen zait.

Ihauterietako astearte on denoi.

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | 2 Erantzun

Magia…

Atzo beste antzerki begirale batzuekin hizketan aritu nintzen, dantza edo antzerkia bezalako ekintzetan begirale izateko behar denaz eta beste. Eta magia izan zen erantzuna.

Magia berezia behar da horrelako gauzak transmititzeko, energia, gogoa, maitasuna, dedikazio ia absolutua eta magia. Magia berezi batek zaramatza taldeak funtzionatzen duen energia eta giroa sortzera, talde bakoitzak berea, berezia eta taldearena soilik izango dena, baina magia hori barru-barrutik ateratzen zaizu.

Eta edo badaukazu edo ez daukazu.

Ez badaukazu izan zaitezke begirale edo irakasle edo nahi duzuen bezala deitu, baina taldeak kaoserako joera izango du, eta haurrek ez dute bide bera egingo, agian ondo pasako dute hasieran, baina ez dute kaosa gustoko. Irakasleak magia behar du, baina magia horren barnean ere autoritateak lekua eduki behar du.

Askok diote ezin dutela haurrekin lan egin, energia gehiegi txupatzen dutela… asko eskatzen dute, asko hartzen dizute… baina niri, izugarri ematen didate. Unetxo magikoak sortzen dituzte, eta hori, taldearen giroa, magia hori dagoenean bakarrik gertatzen da. Askorentzat autoritatea negatiboa da, baina beharrezkoa da nire ustez. Autoritateak ez du esan nahi haserrea, garraxia, arau zorrotzak… baizik eta, klasea eramaten jakitea, moztu behar dena moztea…

Eta magia hori sortzen bada, betirako da. Eta zer dago politagorik magia baino?

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Mila esker!

Mila esker! Gaur www.nahiaetaezina.com -ek 5000. bisita jaso du! Blogaren etapa berria hasi eta aurreko blogetik orri honetara salto egin nuenean, abentura eta proba bezala hartu nuen, jolas bat. Eta uste baina erantzun handiagoa jaso dut, mila esker.

Ia denon arazo bera, erantzun gutxi… baina benetan izugarrizko poza hartu dut. Zuei esker. Anonimotasunean ezkutatzen zaretenei esker… eta nola ez… sustatu.com -en propaganda ez hain subliminalari esker, zuei esker jaso nituen 469 bisita iazko maiatzaren 18an.

Mila esker denei. Hemen jarraituko dut… edo ez… auskalo.

Denetik atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Horrela ez…

Gauzak ez dira horrela egiten. Beno ez, barkatu. Gauzak ez dira horrela egin behar.

Edozein harremanetan, edozein lan, proiektu, amets edo ordu pare bateko ligean, denek, alde guztiek eman behar dute zerbait… Beno ez, barkatu. Alde guztiek eman behar dute zerbait positiboa.

Eta ez, ez du balio batek aurrera pauso bat ematean besteak ostikoa potrotan eman edo oina zapaltzeak berriro atzerantz eraman dezan… Beno ez, barkatu. Ez du balio, baldin eta helburu komun bat baldin badago… A, edo bai, balio lezake ustezko helburu hori… nola zen… “usteak erdia ustel”… bai, horixe… ustezko helburu hori… gezur ustela bada.

Egin dezagun aurrera, eta ostikoa ematen badigute atzera bueltatu beharrean, oreka errekuperatu eta gure toki berria har dezagun.

Eta ez… gauzak ez dira horrela egiten… Beno ez, barkatu. Dirudienez, guri dagokigunean, gauzak horrela egiten dira…

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Nahiak egi bihurtzen direnean… irribarre amaitezina

Gaur BEC-en izan gara Pirritx, Porrotx, Marimots eta kuadrila guztiarekin Irrien Lagunen festa handian clown-ez jantzita bihurrikeriak egiten. Eta zoragarria izan da.

Zoragarria mila arrazoirengatik. Begiradengatik, muxuengatik, irribarre eta malkoengatik, mila gauzengatik… Clown egiten nuen lehen aldia zen gainera… eta zin dagizuet urteak direla hain ongi pasatzen ez nuela. Egun luzea eta hoooootza izan arren ez nuke ezerengatik aldatuko. Eta berezia izan da clown egiten aritu garen guztiontzat, bakoitzak bere arrazoiak zituen eguna bereziagoa bihurtzen zutenak.

Eta nireak asko ziren… eta mila konta nitzake… baina bereziena bakarrik kontatuko dizuet… clown taldeko gazteena nintzen… eta Takolo, Pirrutx eta Porrotxekin hazi eta hezitako bakarra. Oraindik ezagunak ez zirenean ezagutu nituen, eta ibilbide guztia, ikuskizun ia guztiak, abesti ia-ia guztiak ezagutzen ditut… den-denak ez esateagatik. Eta zoragarria iruditzen zait ibilbide osoa. Ez dira haurrentzako pailazoak soilik, inondik inora. Guraso, hezitzaile eta edonorentzako tresna eta mezu piloa dakartzate beti. Eta gaur, egun batez izan bada ere, horren barnean sentiarazi naute.

Txiki-txikitatik, mila gauza jaso ditut beraiengandik. Milaka. Gainera, antzerkiaren mundura berriro ere Joxe Mariri (Porrotx) esker bueltatu naiz, eta bizia eman dit. Une txarrak gainditzen lagundu dit. Eta irribarrea ateratzen.

Eta zalantzarik gabe esan dezaket edozeri aurre egiteko irribarrea dela armarik boteretsuena. Euskal Herri eta mundu berri bat eraikitzen laguntzen ari dira, eta irribarreen indarraz koloretako mundu zoragarria sortzen. Gertutik jarraituko ditut aurrerantzean ere…

Mila esker horrelako eguna pasarazteagatik.

Gora Irrien Lagunak!

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | Erantzun 1

Barra kodea ipurdian, mila esker

Ados… agian ez da izenbururik egokiena… baina etiketez pentsatzen dudana da. Dena sailkatu, etiketatu, azpietiketatu, markatu, adierazi… behar den gizartean bizi gara, eta are gehiago sarean. Tag bat jarri gauza bakoitzari, etiketa bat, bildu gai batetara guztia, hau hemen, hori han… hau honekin, hori harekin eta horrela guztia. Dena sailkatu beharra. Guzti-guztia.

Eta gustatzen zaizkit zerrendak, eta orokorrean gustatzen zait “euskal blogosfera” kontzeptua, gustatzen zait batze hori, taldea izatearena… ez dakit badakit ere ba ote naizen blogosfera horren parte ere.

Zalantzak sortzen dizkidalako kontzeptuak, ez dakit zer den euskal blogosfera, euskaraz idazten den guztiak balio du? Euskal gaien ingurukoan? Euskal Herrian egiten denak? Zalantza eta zalantza. Profil zehatz bat eduki behar da? Adin bat? Ikasketa batzuk? Lan mota jakin bat? Ezagutza batzuk?

Euskal Blogosferak zer izan behar du? Zer ulertzen dugu euskal blogosferatzat? Zein da “talde” horren parte izateko oinarrizko baldintza? Euskara? Kokapen geografikoa? Pentsaera?

Beti pentsatu izan dut tatuaje bat egitekotan oinazpian edo ipurdian barra-kode bat izango litzatekela… azken aldian tag bat izan daitekela pentsatzen ari naiz… baina zein? zeren parte naiz? zerena ez?

Zehaztu behar da zer den euskal blogosfera? Zehaztuta dago? Agian ez… edo bai… auskalo… oraingoz ipurmasaiak tatuajerik gabe utziko ditut, badazpada.

Giz-artea atalean publikatua | hitzekin laburtua | 2 Erantzun

Boltsoa…

Eta esango duzue, “poltsa” esan nahiko du… ba agian zuen ustez bai, baina niretzat poltsa hitzak ez du boltsoa adierazten… boltsoa da egunero erabiltzen ditudan gauzak kalera ateratzeko erabiltzen dudan objektua, poltsak dira gauzak alde batetik bestera eramateko erabiltzen ditudan objektuak. Niretzat… ez da berdina.

Eta sarri entzuten da emakumezkoen boltsoak ezkutatzen dituenak misterioak direla… Beno, ba nireak gauza nahiko sinpleak ezkutatzen ditu: giltza mordoa (kotxeetakoak, lanetakoak, etxekoak, gurasoen etxekoak…), kleenexak, kartera, eguzkitako betaurrekoak, kakaoa, ibuprofeno batzuk, sendagileetako paper batzuk eta tampaxak garaiaren arabera… baina kontua ez da zer daramadan barruan, baizik eta boltsoa bera. Idatzi izan dut hemen arropaz eta beste… eta boltsoa gauza bera da. Egoeraren arabera aldatzen dut boltsoz, nola sentitzen naizen, nora noan, zer eraman behar dudan…

Baina normalean pare bat boltso erabiltzen ditut, bata astean zehar motxila antzekoa eta bestea asteburuetan… Dena den, egun batzuetan, janzten ari naizen heinean boltso bat izaten dut buruan, eta boltso hori bilatu eta hartu arte ez naiz lasai geratzen. Hori gertatu zitzaidan lehengoan eta duela ia 4 urte erabiltzen ez nuen boltso batez gogoratu nintzen…

Eta hori ibili dut pare bat egunetan. Blogeko portadako argazkian ikusten zaidan boltso gorria. Kolore gorria ez dut asko erabiltzen. Gona bat, jertse pare bat eta boltso gorri bat besterik ez ditut. Eta oso egun berezietan erabiltzen ditut. Indarrez, munduari nire tokia erakutsi nahi diodan egunetan. Uste dut horregatik dagoela blog honetan ere, sarean ere, nire tokia aldarrikatu nahi dudalako. Zuei gustatu ala ez.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Sentimendu sumendia

Beti pentsatu izan dut sentimenduak sumendi batean bizi direla. Norbait maite izan dugunean, lagun on bat, onena, izan dugunean eta auskalo zergatik urrundu edo galtzen dugunean sentimenduen laba bihotzaren sakontasunean geratzen da; noizean behin irakin eta bestela lo zorroan goxo-goxo.

Aski da begirada bat, “Kaixo!” bat, aspaldiko gutun bat, irrati-saio grabatu bat, argazki bat, kamixeta bat edo facebooka sentimenduen sumendia iratzarri eta bihotzaren taupadak ozen eta indartsu sentitzeko.

Pena ematen du galdutakoak, baina, sentimenduen laba horrek bihotza berotu eta oroitzapen uholde goxoa ekartzen digu. Ea sarri pizten ditugun sumendiak.

Maitasunaren sua atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Olentzero maitea…

Olentzero maitea,

Aurtengoa oso urte interesgarria izan da niretzat, dakizunez, proiektu berriak izan ditut, lagun berri zoragarriak, lagun zahar zoragarriak, etxea, balkoiak nire landare eta barazkiak jarri ahal izateko… baina izan dira gauza txar asko ere… Orain ez dizkizut kontatuko, badakit dena ikusten duzula eta zuk ere nirekin gaizki pasa duzula… eta gainera aurten gauza piloa ikasi dut. Garrantzitsuena, bizitzen ikasi dut eta hori badakit iaz ekarri zenidan opariengatik izan dela, mila esker bihotzez.

Aurten ez dizut mundua konpontzeko eskatuko, badakit saiatzen zarela baina zuk bakarrik ezin duzula, hori eskatuko diet bidean topatzen ditudanei. Zuri gauza gutxi batzuk eskatuko dizkizut, zuk aukeratu dezazun zer ekarri.

Hasteko, AIREA PURIFIKATZEKO GAILUA nahi dut. Errauskailuaren aurka zure indar guztia jarri duzun arren gizon gaiztoek ez dute proiektua geratu nahi, eta behintzat, etxean, aire garbia arnastu nahi dut. Bide batez, TABAKOAREN AURKAKO LEGE GOGOR-GOGORRA nahi dut, zure esku badago behintzat, arnasa hartzeko eskubidea izan nahi dudalako.

Gainera, nire balkoietako landare eta barazkiak osasuntsu haz daitezen ere nahi dut (ikusi duzu eskarolak nola ari diren hazten?). Eta… negurako arropa nahi dut. Dakizunez azken aldian erraz hozten naiz eta kamiseta termikoak, galtzerdiak, berokia eta zapatak nahi ditut, eta bide batez, eskiatzeko galtzak ere bai.

Eta bukatzeko, IRRIBARRE egin nahi dut egunero. Azken aldian bezala. IRRIBARREZ lortu dezakegulako nahi dugun guztia… irribarrez eta zure magiarekin, noski.

Mila esker beste urtebete zoragarri bat oparitzeagatik, laguntza behar baduzu, badakizu non gauden.

Abenduaren 24 gauean zain izango nauzu (baina ez ahaztu etxez aldatu naizenik eh!)

Giz-artea, Naturaz atalean publikatua | Erantzun 1

Agur inspirazioari…

Orain gorputzak eta buruak eskatzen didana egiten ari naizen une batean nago murgilduta guztiz. Norberarekin gustora egotea garrantzitsua da bizitzaz gozatzeko eta hortarako gure gorputzei entzutea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Eta horregatik oso gauza gutxi egiten ditut behartuta, ahalik eta gutxien. Eta askoz ere “ni-ago” (barkatu espresioak piii egin dizuen guztiek, adierazteko modurik egokiena iruditu zait) sentitzen naiz. Eta horrek erdi-utzita neukan sormena piztu dit, aske sentitzen naiz, hegan egiteko gai…

Eta sormen une horiei zuku guztia ateratzen saiatzen naiz… baina zer egingo diogu, batzuetan, bapatean inspirazioak alde egiten du… eta horrelakoetan hobe izaten da gelditu eta arnasa hartzea.

Arnasa hartu eta berriro etorriko zaigu, ziur egon… gure gorputz eta buruarekiko leial bagara behintzat.

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | 2 Erantzun

Nola zauden esango dizut.

Ohitura dut gertuko jendearen arropari erreparatzekoa. Norbait ezagutzen duzunean bere arropak uste duzuna baina gehiago esango dizu, eta hori izugarri gustatzen zait.

Nik neuk ere, sentitzen dudanaren arabera janzteko ohitura daukat. Eta gertukoek badakite janzten dudan arroparen arabera zer nahi dudan. Eta horregatik ez zaizkit pertsona uniformatuak gustatzen (beste arrazoi batzuen artean…). Irudi korporatiboak… duen garrantzia ulertzen dut, baina zergatik ez banketxetan bakeroak edo gona motzak langileak hori behar duela sentitzen badu?

Orain, ez daukat egunero sentitzen dudanaren arabera janzteko aukerarik, are gehiago, lehen gutxitan erabiltzen nuen arropa gehitu dut eguneroko martxara: kiroletako arropa egunero. Lana eroso egiteko, antzerkia bizitzeko derrigorrezkoa.

Eta ez dakizue zeinen gustora janzten dudan behar dudan arropa arratsaldetan, nahiz eta akaso, dutxaren eta pijamaren arteko ordu pare baterako izan. Janzten dudan arroparen arabera dakit nola nagoen, eta horren arabera ere, ingurukoek badakite. Eta eroso egotea lortzen dugu.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Ez antzeztu oholtzatik kanpora

Antzerkia askok mundu arrotza bezala hartzen dute, baina ez dira ohartzen oholtzan egon ez arren denok, ia uneoro antzezten dugula paper bat. Unearen arabera aldatzen dugu jokaera, postura, hizkera, tonua, mugimendua… dena. Unearen arabera paper bat edo beste hartzen eta antzezten dugu.

Baina, arrisku handi bat dugu. Paper horietatik ateratzeko eta gu geu izateko tokia behar dugu zoriontsu izan nahi badugu. Eta geroz eta terreno gehiagotara eramaten badugu are eta errazago aurkituko dugu zoriontasuna, ongizatea, gure buru edo bihotzarekiko fideltasuna. Eta oreka hori topatu nahiean, antzezten ditugun paperen artean galdu egiten dira asko.

Lanean, bankuan, autobusean, etxean, klasean, komunean, ohean… pertsonaia desberdin baten papera hartzen dugu. Eta ez dugu gure “territorio askea” topatzen, ez diogu gure izaerari aske izaten uzten. Eta ez dugu zoriontsu izatea lortzen. Ez dugu aske izaterik lortzen, ezta sexuan ere… edo bai. Norberak jakingo du non kokatzen duen bere “territorio askea”.
Ironikoa den arren, nire territorio askeetako bat antzerki klaseak dira; zorionez, baditut gehiago. Eta zu? Noiz izan zinen askea azkenekoz?

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Kristal tintatuen atzean

Kristal tintatuek beti sortu didate izugarrizko jakinmina, zer ote dago atzean, nor, zertan, zergatik tintatu ote ditu kristalak? Kristal tintatu batekin topo egiten dudan aldiro sortzen zaizkit galdera guzti horiek… eta erantzunik ez gehienetan.

Eta kristal tintatuak ditut furgonetan, eta horien atzetik dagoen ikuspegia oso interesgarria izaten da. Bada kristal tintatua aprobetxatuz orraztu eta ispilu moduan erabiltzen duen jende pila bat, bada, barrura begiratzen saiatzen denik ere… eta barruan zaudelaz ohartzean alde egiten dute disimulatu nahiean… oso graziosoa da edozertan ari zaren bitartean kanpokoen jakinminarekin topo egitea…

Eta horrelakoetan pentsatzen dut, zenbatetan egingo ote zidaten niri barre? Txikitatik erabili izan ditut bulego, kotxe edo auskalo zer ezkutatzen zuten kristal tintatuak orraztu eta kotilleatzeko… Barruakoak zer pentsa zezakeen pentsatu gabe…

Erne beraz, kristal tintatuaren atzean ezkutatzen dena zer den ez dakigu eta.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Krisia kondoietaraino

Iritsi behar zuen… Denboraz joaten naizenean supermerkatuetara pasilloetan galtzea gustatzen zait, eta produktu beraren zenbat barietate dauden ikusten geratzen naiz. Harrigarria egiten zait nola doazen hazten txanpuen, xaboien eta beste produktuen pasilloak. Ez baduzu guztiz argi zein produktu, marka eta barietate nahi duzun guztiz erotu zaitezke txanpua aukeratzen.

Eta berdin beste produktuekin ere. Milaka promozio, ordaindu bat eta eraman bi, %20a dohain, deskontuak hau eta huragatik… eta krisi garaiaren aitzakiapean geroz eta promozio gehiago, kolore gehiago, opari gehiago… eta kondoiak ez dira libratu ez.

Marka berriak atera dira (nor fidatuko da FAMILY markakoez? Baina hori beste kontu bat da) eta marka zaharretan mota berri pila, koloreak, testurak, zaporeak, formak… denetik ateratzen ari da. Baina krisia ere iritsi da, eta orain, kondoiak erosteagatik arropa dendetarako deskontuak?

Krisiak badu alde on bat… promozioz promozio etekin handiagoa atera diezaiekegu produktuei… baina… kondoiak ez ziren arroparik gabe erabiltzeko?

Giz-artea, SeKsugarra atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Bakardadea

Sarriegi egozten diogu bakardadeari konnotazio negatiboa. Gauza iluin eta beltz bezala ikusten dugu eta ez gara pentsatzera geratzen bakardadea beharrezkoa dela.

Denbora asko igarotzen dut ia egunero bakarrik eta guztiz positiboa iruditzen zait. Nire buruari entzuteko balio dit, irakurtzeko, zaintzeko, nire espazioa izateko… eta hori gabe ez ginateke ezer.

Bakarrik egoten ez dakienak ez omen daki jendartean egoten, bere burua maite ez duenak ezin omen ditu ingurukoak maitatu… eta gainera bakarrik egoteak, besteekin gauden uneak bereziagoak izatera garamatzate.  Eta gehiago gutxi ikusten ditugunokin.

Bakarrik geratu naiz gaur ere, baina gaurko bakardadeak zapore goxoagoa du. Mila esker.

Giz-artea atalean publikatua | Erantzun 1

Kontaidazu ipuin bat

Izugarri gustatzen zaizkit ipuinak. Imaginazioaren bideetatik eramaten gaituzte eta guztiok desberdin ulertu eta sentituko ditugun istorioz beteriko orriak, kontakizunak, grabazioak edo zuzeneko kontaketak maite ditut.

Are gehiago ipuin baten bidez herri bateko historia gerturatzen digutenak, balore batzuk umore eta koloreen atzean gerturatzen dizkigutenak, haurrek sortuak, haurrek kontatuak, antzeztuak, marraztuak edo idatziak… magia duten ipuinak dira. Kontakizunak dirauen bitartean urruneko edo gertuko munduetara eramaten gaituzte eta beste errealitate bat erakusten digute, gurea betetzen dute…

Eta maite dut ipuinak idaztea. Ipuinak idazteko dokumentatzea, haurren tokian jarri eta beraien ikuspegitik istorioak sortzea. Pertsonaiak lantzea, pertsonaietan bihurtzea, pertsonaia izatea.

Opari bat egin nahi badidazu, kontaidazu ipuin bat. Bizi dezagun errealitate hori elkarrekin.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Kitto!

Eta uneren batean Kitto! esaten dugu. Edozein delarik egoera uneren batean kitto! esan beharra dago, buruak ezin baitu denarekin. Edo bai.

Beti entzuten dugu geure buruen ehuneko txiki bat erabiltzen dugula, ez dugula dugun potentzial guztia erabiltzen, gehiago egin dezakegula… baina egia esan, hori egia izan badaiteke ere, denok dugu muga bat. Eta askotan muga horri bultzaka ibili eta pausu batzuk aurrerago joango gara, baina muga bat dugu, ez gara edozer jasateko gai. Ezta gure gorputzak ere.

Daramagun bizi erritmoak bati baina gehiagori erakutsi dio denarekin ezin daitekela. Mugak daudela. Estresak gaixotu egiten du, gaixotzen du burua eta gaixotzen du gorputza, gaixotzen ditu ingurukoak. Eta entzuten jakin behar da. Gorputza eta buruari entzuten ikasi behar dugu, gelditu eta hartu une bat. Egunero. Hartu liburu bat, landareak zaindu, eman paseo bat edo galdu bainerako uretan. Une bat. Mugak beren tokira joan daitezen.

Gorputzak eta buruak esandakoa entzun dezagun. Eta entzun ondoren… azter ditzagun mugak. Eta entzun ditzagun ingurukoak ere bai. Eta azter ditzagun mugak. Gorputza eta buruaren mugak. Eta baita gogoarenak ere.

Eta borroka dezagun. Mugak muga… Mugak apurtzeko direlako. Baina kontuz, gorputzak eta buruak mugak haustean guztia gal dezakegulako. Bizitza.

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Etxetik…

Gauzak ez dira berdin ikusten etxetik. Edo bai.

Geroz eta gehiago dira, edozein egoerak bultzatuta, normalean kanpoan egiten diren gauzak etxean egiten dituztenak. Lana etxetik egiten duen jende gehiago dago (etxetik, internet bidez, ez etxeko lanak, ez gaitezen nahastu) eta askorentzat ia ulertezina da. “Nik ezingo nuke, ez nintzateke jeikiko, despistatuko nintzateke” eta antzeko mila esaldi entzuten dira, baina niretzat disziplina eta egoera kontua da. Disziplinatua bazara eta etxean zure lanerako tokia baduzu, atea itxi eta bulego batean bezala egotea da, zure orduak edo lanak egin eta bulegotik ateratzean etxean egongo zara, bitartean, lanean zaude.

Eta kostako zaizu lehen bi egunetan, gero berehala ohituko zara. Eta hartuko duzu erritmoa, ordutegia, egin beharrekoak. Eta lan egingo duzu, lan asko egingo duzu. Nik zortea izan nuen eta etxetik lan egiten denbora dexente eman nuen, eta berehala hartu nuen erritmoa. Eta ordutegia, eta lan ohitura. Eta etxetik ikasten dut. Eta horiek ere badira lan orduak eta disziplina kontuak. Eta horretan ere ohitura hartu dut. Disziplina eta ohitura kontua da.

Eta hori ere ikasi egiten da. Orain, ikasi eta kirola (eta nork daki, lana ere bai agian) egingo dut etxetik ziurrenik. Eta zeinen ondo egoten den etxean.

Baina disziplina baduzu edo ez duzu.

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Atez ate (4)

Eta atzera pausoa.

Inpotentzia sentimendu osoa. Oso-osoa. Etxez aldatzearekin batera, herriz aldatu gara eta atez atekoa galdu dugu. Eta zer nolako inpotentzia eta haserrea eta amorrua.

Orain, berriro, ez dugu organikoa bereizteko aukerarik. Eta amorruz botatzen dugu lehen “errefusa” zen poltsara. Eta berriro alperrik galtzen dela ikusten dugu. Eta ezin da. Ezin da.

Denok egin behar dugu aurrera pauso bat. Ingurumena denon arazoa da.

Giz-artea, Osasunaren bidean, Politikaz atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Nostalgia

Zeinen sentimendu polita den nostalgia. Etxe aldaketa eta kurtso hasierarekin ez dut denborarik izan gelditu eta arnasik hartzeko. Ez dut ia denborarik izan sentitzeko ere. Alde batetik bestera ibili naiz, uneoro lanean, zerbait bukatu eta hurrengo lanari heldu bata bestearen ondoren, beti egiteko mila gauza. Baina hasi dira gauzak bidea hartzen. Eta hustu ditugu geratzen ziren kaxak.

Beharrezkoak ez ziren gauzak kaxetan izan ditugu orain arte, eta zeinen sentimendu politak atera diren kaxak irekitzean. “Altxorra” jartzen zuen kaxa bat nuen gordetzekoen artean eta gaur hartu dut. Ireki eta gutunez beteriko karpetak, 16-19 urteetako argazki albumak eta urteetan jasotako postalak eta oparitxo eta gauzatxoak dituen kutxa atera dira. Eta une berean ia ahazturik nituela uste nituen oroitzapen eta uneen hartu dute gela.

Une motzak, elkarrizketa zatiak, begiradak, barreak, orduak (16:22), malkoak, erokeriak… denak batera etorri dira. Eta zeinen sentimendu polita. Beti maiteko duzun jendea, lagunak izandakoak, orain ere direnak, edo ez, den-denak inguruan izan ditut une batez, eta denak nirekin zeuden une horretan. Zoragarria da nostalgia puntu hori.

Errealitatera eta orainera itzultzen jakitean dago gakoa. Eta gaur, errez egin dut trantsizioa, faltan botatzen ditudan pertsona eta uneak badaudelako, baina orain dudanak ere zoriontsu egiten nauelako. Eta zorionez, garai hartako asko, oraindik ondoan ditudalako. Mila esker.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | Erantzun 1

Atez ate (3)

Eta hirugarrenez nator atez atekoaz hitz egitera. Hernanin atez  atekoaren “jaiotza” bizitzeko zortea izan dut, eta oso pozik nago gainera prozesu horren partaide sentitu naizelako, aukera izan dudalako gauzak aldatu daitezkela ikusteko, jendeak ikusi ahal izan duelako gezurrekin engainatu nahi izan dituztela, atez atekora ohitzea erraza dela, %80a birziklatzera iris daitekela oso denbora gutxian eta aurka indar handiak izan arren, aurrera egin daitekela.

Prozesua ez da denen gustokoa izan, “inposatu” egin du udalak, horrela ikusi nahi duenarentzat, alternatiba eta kudeaketa modu berri bat proposatu du besteentzat… eta oztopo asko izan ditu udalak… eta lan izugarri ona egin dutela iruditzen zait. Lortu dute, ia dena aurka izan arren lortu dute atez atekoa martxan jartzea. Kaleetako itxura aldatu da, baina dagoeneko inori ez zaio arrotza egiten. Ohitu gara egunero zabor mota bat ateratzera, eta gure “txipa” aldatu egin da (obsesibo bihurtzeraino?)… baina ezin begi kritikoa itxi…

Abuztua aitzaki hartuta akatsak egoten ari dira, egun batzuetan ez digute zaborra jaso gure portalean (akaso, udan despistatuago gabiltzalako denok?), baina larriagoa iruditzen zaidan beste batek kezkatzen nau… atez atekoak ordutegi bat dakar, gure kasuan 20etatik 23etara… eta herritarrak betetzen saiatzen gara… hala ere, abuztua aitzaki… udaletxeko zakarrontziak ordutegi hori baina askoz lehenago egoten dira kalean…

Giz-artea, Naturaz atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Su artifizialak… ah, ez, aste nagusiaz?

Bai, nonbaitetik atera behar zuen donostiartasunak… Eta su artifizialak ikustera joatea gustatzen zait, portuko erdiko espigoiera joan eta han afaltzen dugu familia-giroan ia-ia egunero, bokadilloa, freskagarriak eta suak hasi bitartean tertulian egoten gara. Suen aurreko Euskalteleko sutxoa (gaur egun) pizten denean bakoitzak bere postura hartu (ni etzan egiten naiz) eta suak ikusten jartzen gara. Nahiko kritikoa naiz suekin, bai, suekin ere bai, eta soinua, argia, koloreak, formak eta erritmoa biziak izatea gustatzen zait, bestela, onartu behar dut, aspertu egiten naiz berehala.

Gaurko suek hori guztia bildu dute, aurreko egunetan ikusi ditudanek (2-3 egun gehiagotan bakarrik joan naiz) ez dituzte ezaugarri guztiak bete, eta betiko zalantza… beharrezkoa da horrelako dirutza gastatzea hortan? Egunero izatean? Jar ditzatela 3-4 egunetan soilik baina gaurkoak bezalakoak! Maiztasuna jaitsi, kutsadura jaitsi, dirutza jaitsi eta aste nagusia hobetu. Bai, hobetu esan dut.

Aurten egitarau ofizialak asko irabazi du piraten abordaiarekin eta… baina oraindik ez dago festarik kalean. Alaba txikia duen ama batek esan zidan festa zozoegiak direla, ez txarangak, ez ezer… zuk ibili behar duzu bila, festak ez zaitu harrapatzen, bila eta bila ibili behar duzu… eta hori al da aste nagusia? Ez, horrela ez goaz bide onean.

Festak bizia izan behar du, parte hartzailea, herrikoia, herritik eta herriarentzat… eta su artifizialetan dijoan dirutzak asko aldatu lezake hiria… baina noski, sakratuak dira…

Pena da. Egunen batean izango al ditugu benetako festak? Zergatik maite ditugu donostiarrek estropadak? santo tomas? danborrada? Ez da erantzun zailik. Festak harrapatu egiten zaitu, festa kalean dago. Hori falta du aste nagusiak….

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | Erantzun 1

-egia

Zaharregia zara hori egiteko, txikiegia horrela ibiltzeko, gazteegia beste hortarako…

Ikaragarria da jendeak besteon ekintzak epaitzeko duen joera… Norberak egiten duenari begiratu beharrean besteek egiten dutenari begira egoteko joera izugarria dago, eta begiratzeaz gain, beti beti beti epaitzekoa. Ze ondo! Baten ondoren etortzen dira “baina ez zara gazteegia?”, “ez da momentu ona”, “itxaron piska bat”, “haraino”, “han ez dago ezer” eta horrelako perlak… Besteon erabakiak ez ditugu errespetatzen.

Erabaki bat hartzean beti daude atzetik milioika arrazoi, eta horiei begiratu beharrean eraso errazera jotzen dugu, gazteegia, zaharregia, azkarregi, urrunegi, garestiegia, merkeegia, altuegia, hotzegia…

Berdin digu bestea zoriontsu izateak, beti zapuztuko dugu gure begi kritikoarekin.

Giz-artea atalean publikatua | 8 Erantzun

Hitzak

Hitzak haizeak eramaten omen ditu….

Baina bihotzetik ateratzen direnak ez dira inoiz galtzen.

Dena zera. Dena.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | 2 Erantzun

Zurrunbilo gorriari, gola!

Begiak ireki eta non zauden ere ez dakizula sentitzen duzu batzuetan. Inguru guztia begiratu eta ezer ezagutzen ez duzula. Hau ez dela nahi duzuna, sentitzen duzuna, behar duzuna. Ez, ez dakizu non zauden, zertan ari zaren ezta nor zaren ere. Eta zurrunbiloan sartzen zara.

Galdera galderaren atzetik. Eta ondoren, beste milioi bat galdera. Erantzunik ez. Galduta galtzen zara. Ez duzu daukazuna ezagutzen. Nola iritsi zara hona? Noiz aldatu dira hainbeste gauzak? Nola?

Nola liteke zure inguruan gol bat, zuk hainbeste amorruz hartu duzuna ospatzen egotea. Non zaude? Zer gertatu da? Identitate krisia. Eta indarra erakutsi behar. Espainiak irabaz dezake igandean, guk ziur irabaziko dugu larunbatean donostian. Erakus diezaiogun munduari gure indarra. Bil gaitezen. Sar dezagun gola denon arte. Egin dezagun oihu ozen. Entzun gaitzatela.

Ez, guk ez dugu vuvuzelarik behar.

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Eusko labela

Kalitatearen seinale eta blablablabla. Etiketa bat besterik ez. Eta konturatzen bazarete, ziurrenik ez da oso “euskal” izango…

Begira diezaiogun publizitateari. Pentsatu euskolabelen produktuen iragarkietan. Benga, saiatu pixka bat gehiago, ziur gogoratuko duzula baten bat. Horixe!

Noiztik izaten dute gure behiek horrelako eguraldi puska normalean? Noiztik gure tomateek horrelako eguzki izpiak? Ez, lagunok. Iragarkian agertzen direnak badira labeldun produktuak, Jamaika ingurukoak dira, ez euskaldunak. Ala akaso publizitate teknika bat izango ote da?

Nork sinisten du Euskal Herriaren egunerokotasunaren adierazgarri denik eguraldi hori? Euskal Herria Tropikala!

Giz-artea atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Eliza, eurentzat.

Izugarrizko zortea izan nuen txikitan nire gurasoek ez bataiatzera ez jaunartzea egitera eraman ez nindutelako. Izugarrizko zortea elizaren zerrendetan nire izena agertzen ez delako, ez dudalako barnetik bizi izan eta harro nago. Harro nago nire gurasoek erabaki hori hartu zutelako bere garaian, pentsatzen zutenarekin aurrera egin zutelako besteek esango zutenari begiratu gabe. Zorionez ez dut etxean elizaren inguruko heziketa jaso, nahikoa izan da kanpotik jaso dudanarekin, ikusi dudanarekin eta jasan dudanarekin. Nahikoa, Eliza (instituzio bezala) ahalik eta urrunen eduki nahi izateko.

Uler dezaket jendeak erantzun bila erlijioetara jotzea, uler dezaket zerbait gehiagoren bila euren hitzak sinistea ere. Baina ez, ez dut gertu eduki nahi. Duela hilabete batzuk hartu nuen elizan egiten diren zeremonietara ez sartzeko erabakia. Erabaki sendoa. Ez naiz bataio, jaunartze, ezkontza, meza edo hileta-elizkizunetara sartuko. Elizak ikuspegi kulturaletik, artistikotik ikusiko ditut ikusi behar baditut, ez dut euren zeremonietan parte hartuko, ez diet plazer hori emango. Sinisten ez duenak ez luke aulki horietan eseri beharko, ez nire ustez behintzat. Eta erabakia sendoa da. Ez naiz sartuko.

Eta esango duzue errespetuagatik egin beharko nukeela, sinisten duen norbait hil eta elizkizuna egiten bazaio maite baduzu han egon behar duzula eta nahi duzuen guztia. Maite dudan norbait hiltzen bada ez naiz elizkizunera gaizki pasatzera joango, maite badut eta maite banau, zerutik ala infernutik ikusten banau ere, jakingo du maite dudala, ez dela errespetu edo maitasun falta izan eliza kanpoan geratzera eraman nauena. Berak sinisten duena errespetatuz nik sinisten dudana ere errespetatzea erabaki dudala baizik. Zoritxarrez, elizkizunera joateak ez dit hildakoa bueltatuko. Elizkizunera joatea, sinisten ez dugunon kasuan, itxurakeria hutsa da. Egon garela esateko soilik, aulkiak betetzeko, protokoloa betetzeko.

Izan gaitezen benetakoak, puruak, eta maite dugunari ez diezaiogun itxurakeria eskaini agurtzeko unean.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | 6 Erantzun

Greba orokorra

Greba egin behar duzu? Ba ez geratu etxean!

Irten kalera, astindu kalea, baina baita sarea ere!

Zure kolaborazioak behar ditugu eta kolaborazioak bidaltzeko erarik onena twitter, facebook eta blog hau: http://greba.euskalherrian.info/ erabiltzea da.

Erabili sare sozialak XXI. mendeko greba orokor bat burutu ahal izateko. Erabili grebaorokorra etiketa zure bidalketa guztietan, zure blogean, zure youtubean, zure flickrsean…

Animo eta aurrera, bihar kapitalismoari astindu ederra eman behar diogu eta!

Don’t hate the media, become the media!

http://greba.euskalherrian.info/

Sin categoría atalean publikatua | Utzi erantzun bat

Nahikoa da!

Nahikoa dugu eraso sexistekin, nahikoa da edozein motako erasoekin. Errespeta gaitzatela behingoz, errespeta ditzagun besteak. Ezin dut ulertu nola, gaua eta alkoholaren (edo auskalo zeren) aitzakiapean harrotu eta “jainko” sentitzen direnen jokaera. Hau nahi dut eta lortzeko eskubidea dut nahi dudalako eta kitto. Eta bost axola besteek nahi ote duten edo ez, besteen eskubideak, besteen askatasunak.

Nazkatuta nago behin eta berriro entzuten erasoak izan direla gauez, normalean, neska gazteen aurka. Nazkatua nago, eta beldurra ematen dit geroz eta maizago entzuten ditudala horrelakoak nire inguruan. Ez naiz seguru sentitzen gauez, kalean. Nik ere izan nuen susto bat asteazken gauean. Besotik gogor bi eskuez heldu ninduen gizon batek, ubelduak dauzkat. Bere lagun bat aurkeztu nahi omen zidan bakarrik. Gogor tiratu behar izan nuen alde egiteko, eta bakarrik ez nindoanez, azkenean nire bikoteak bultza behar izan zion ni askatzeko.

Inseguridadea, mina, amorrua eta beldurra. Kale erdian izan zen, jendez inguraturik eta bere lagunak barrez. Hor dago arazoa, onespen sozialean. Nik norbait beste bati besotik tiraka ikusten badut, ez dut barrerik egiten ez dut animatzen. Txotxolo gehiegi munduan.

Eta Andoaineko erasoa izugarria. Ondo jartzea espero dut neska berehala. Eta txotxolo gixajo horiek guztiak sar ditzatela zulo batean, eta ez daitezela gehiago sortu. Nahikoa da!

Giz-artea atalean publikatua | 3 Erantzun

Itxaropena, galtzen azkena?

Sarri entzuten dut itxaropena dela galtzen azkena, itxaropenari heldu eta askatu behar ez dela… Baina benetan hori pentsatzen dugu? Benetan uste dugu itxaropena izateak bizitza konponduko digula?

Gaixo dagoena sendatuko duela? Gose denari jaten emango diola? Etxea behar duenari teilatu bat emango diola? Lagunak behar dituenari lagunak emango dizkiona? Barre egitea behar duenari irria ekarriko diola? Nekatua dagoenari ohe on bat emango diola? Lana behar duenari kontratua?

Benetan? Itxaropena izatea baino normalean hobe izaten da errealitatea onartzea. Datorkigunaren jabe egitea, aldaketaren zain egon, guztiak hobera egingo duelaren zain ez dugu denbora galtzen?

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | 2 Erantzun

Damuak

Askotan pentsatu dut zerbait egiteaz damutzen garenean geure buruak justifikatzea besterik ez dugula bilatzen, eta benetan, ez zait ondo iruditzen. Egin duguna egina dago, ez dago atzera bueltarik, eta geure buruak justifikatzen saiatzea nahiko hipokrita da. Ala ez?

Eta okerragoa da egin ez dugunaz damutzea. Askoz okerragoa. Egin ahal izan genuenean, izan zitekenean pentsatzea askoz denbora eta energia galera handiagoa da. Eta sarri topatzen dut nire burua izan zitekenean pentsatzen… ez dut inoiz ikasiko. Eta ostiralean hau egin banu? Benetan nahi nuen? Zergatik ez nuen egin? Eta orain hau egingo banu?

Zerk baldintzatzen gaitu? Gizarteak? Geureganatutako rolek? Gure bizimoduek? Beldurrak? Desioak? Maitasunak? Gorrotoak? Zein dira gure kateak? Zergatik ezin ditugu hautsi? Alboan nahi ditugunak urrundu, alboan ditugunak alboan mantendu? Zeinek agintzen du? Zein da gure tokia?

Ez dadila damua izan. Ez.

Giz-artea, Maitasunaren sua atalean publikatua | 13 Erantzun

Hoberen gordetako sekretuak…

Guztiok ditugu sekretuak, barne-barnean gordetzen ditugun ezkutuko egiak. Gure nortasunaren zati direnak, eta betirako izango direnak. Baina badaude kolektiboak diren sekretu batzuk ere, denek jakin arren askotan ezkutuan geratzen direnak. Eta horiek ere oso garrantzitsuak dira, gure nortasunaren atal ere badirelako.

Eta zeintzuk dira sekretu horiek ba? Asko. Eta ziur zuri ere burutik baten bat pasa zaizula, ageriko sekretuak dira. Magian sinisten ez dutenen sekretuak. Edo akaso sinisten dutenenak. Nerabeek askotan ikasi beharko lituzketenak, bikoteek ikasi beharko lituzketenak, haurrek ikasi beharko lituzketenak, helduek, gizonek, emakumeek… Bizitzaren misterioak. Mirariak.

Eta afaria bakarrik egiten da, arropa bakarrik garbitzen da, fakturak magia bidez ordaintzen dira, gurasoak haurren etsaiak dira, politikariek ez digute dirua lapurtzen, errauskailuak ez du kutsatzen, eta denok gara berdinak justiziaren aurrean, eta denok daukagu iritzia emateko askatasuna, eta….

Giz-artea, Politikaz atalean publikatua | 2 Erantzun

Goxo-goxo, bizitza gozatuz.

Mila esker. Mila esker benetan egunero goxo eta gozo bihurtzeagatik. Une politak, bereziak, goxoak, gertukoak sortzen dituzuenei. Gertutik, urrunetik, sarean, kalean, telefonoz, txat bidez, pentsamendu soilez azukre goxo-goxoa bizitzari gehitzeagatik.

Elkarrizketa subrealistengatik, arriskutsuengatik, sinpleengatik, sakonengatik, azalekoengatik, barne-barnekoengatik, tweetengatik, emailengatik, kukuengatik, txoritxoengatik, laztanengatik, muxu birtualengatik, barreak lapurtzeagatik…

Eta zer litzateke bizitzaz azukrerik gabe? Goxo-goxo igarotako unerik gabe? Gozatu gabe? Bizi gabe?

Zerk gozatzen dizu zuri?

Giz-artea atalean publikatua | 4 Erantzun

Amore eman, garaiz

Gure bizitza erritmoak egunero borroka etengabean ibiltzera garamatza txiki-txikitatik. Erlojuaren kontrako borroka etengabea, segundoak balio du uneak baina gehiago, erlojuaren orduak balio du egunsentiak edo iluntzeak baina gehiago, presaka ibiltzeak balio du arnasa hartzeak baina gehiago.

Borrokan. Haur garenean, arreta gureganatzeko, eskolan ordutegiak bete eta emaitza onak ateratzeko, eskolaz kanpoko mila jarduera egiteko, onenak izateko, gurasoekin egoteko, parkean jolasteko, ondo jateko… denerako denbora, denerako borroka etengabea. Eta geroz eta borroka indartsuagoak, pisuagoak agertzen zaizkigu…

Lana, harremanak, lagunak, ligeak, parrandak, ikasketak, hau, hori, hura… eztabaidak, borrokak, erlojuari begiratu, mugikorrari begiratu, ordenagailua piztu, azkar! Berandu zoaz! Galduko duzu…

Eta borrokak jarraitzen du, uneoro… baina ez al da hobe energia guztia borrokan galdu beharrean dugunarekin gozatu eta geratzen zaigun denboraz gozatzea? Amore ematen jakin behar da, berandu izan baina lehen.

Giz-artea, Osasunaren bidean atalean publikatua | 4 Erantzun